EUSKADI.-Aurelia Arkotxa euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Actualizado: viernes, 30 marzo 2007 13:34

DONOSTIA, 30 Mar. (EUROPA PRESS) -

Aurelia Arkotxa euskaltzain oso berri da gaurtik aurrera. Izan ere, Donostian egin den osoko bilkuran, 25. aulkia betetzeko bozketa egin du Euskaltzaindiak, eta Arkotxa euskaltzain oso izendatua izan da, Euskaltzaindiaren Arautegiak agintzen duen gehiengo osoa lortu ondoren.

Jakina denez, otsailaren 23an, Euskaltzaindiak Bilbon egin zuen osoko batzarrean, Aurelia Arkotxa euskaltzain urgazlea proposatu zen, 25. zenbaki-hutsartea betetzeko. Jean-Louis Davant, Emile Larre, Txomin Peillen eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek proposatua izan zen.

Aurelia Arkotxa Baigorrin (Nafarroa Beherea) sortu zen, 1953ko urriaren 3an, baina haurtzarotik bizi izan da Hendaian. Filologia Hispanikoan lizentziatua, Euskal Filologian doktoretza lortu zuen 1990. urtean. Tesia Bordeleko Unibertsitatean aurkeztu zuen, Gabriel Arestiren gainean idazten zen lehena, "Maldan behera" poemari buruzkoa: "Imaginaire et poésie dans 'Maldan behera' de Gabriel Aresti (1933-1975)".

Bordeleko Michel de Montaigne Unibertsitatean Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedraduna da 2000. urteaz geroztik. Bordelen eta Baionako Fakultatean Literatura eta Literatur Teoria irakasten ditu. IKER-CNRSko ikerlari taldeko partaidea da.

2003ko urtarrilaren 31n, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen, eta Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeko kidea ere bada.

Poemagintzaren alorrean, "Atari ahantziak" argitaratu zuen 1993. urtean; Grezia klasikoaz eta Egiptoko mitologiaz dihardu Arkotxak lan horretan.

'Maiatz' aldizkariko sortzaileetarikoa da, eta 'Lapurdum' agerkari zientifikoaren zuzendaria da. 'Argia' eta 'Berria' komunikabideetan argitaratzen ditu artikuluak eta 'Sautrela' programan ere kolaboratzen du. 'Maiatz' aldizkarian ere maiz publikatzen du, baita 'Mazantini', 'Zurgai', 'Garziarena' eta 'Hegats' aldizkarietan ere.

Ondoko liburuak argitaratu ditu: "Atari ahantziak" (1993), "Septentrio" (2001ean euskaraz eta 2006an frantsesez), "Antoine d'Abbadie, Pensées études et voyages de 1835" (1997, Patri Urkizurekin batera), "Euskal kritika gaur", Mari Jose Olaziregirekin batera (2002), "Imaginaire et poésie dans Maldan behera de Gabriel Aresti (1933 - 1975)", "Territoires oubliés des terre-neuvas labourdins des XVI et XVIIèmes siècles. Mémoire des lieux, mémoire des mots à travers les routiers de Martin de Hoyarsabal (1579) et de Joannes Detcheverry Dorre (1677)".

Bestalde, ondoko liburuetan ere parte hartu du: "Gutiziak" (bertan 'Marko Poloren ametsa' argitaratu zuen), "Txalaparta", "Mujeres poetas en el País Vasco", "Ponte de palabras", 1990eko hamarkadako poeta euskaldunen antologian.