EUSKADI.-Kutxak EMV segurtasun-txipaz hornituriko txartel bertikal berritzailea merkaturatu du, 50.000 gazteri zuzenduta

Actualizado: jueves, 21 junio 2007 16:15

DONOSTIA, 21 Jun. (EUROPA PRESS) -

Kutxak zerbitzuen diseinuan zein bere produktuak merkaturatzean berrikuntzaren alde egiteko helburuaren ildotik jarraitzen du, eta orain, bere Gaztekutxa Mastercard Txartel berria aurkeztu du. Txartel berriak, erabiltzaileentzako abantaila gehiago eta hobeak eskaintzeaz gain, merkatuan guztiz berria den garapena aurkezten du, EMV estandar teknologikoa txertaturik daraman txartel bertikala baita, segurtasun-txipaz hornitua.

EMV teknologia eta segurtasun-txipa izatea babes handiagoa da txartelaren erabileraren inguruko gorabeherak saihesteko unean; gainera, Kutxa aitzindari gisa ageri da europar arauek 2010 baino lehen derrigorrezkotzat ezarriko duten teknologia hau bereganatzeko unean; izan ere, Kutxa Euskadiko lehen erakundea baita, bere bezeroen artean EMV txipaz hornitutako txartela modu masiboan banatuko duena, eta Euro 6000 sareko lehen erakunde finantzarioa da, halaber, berrikuntza funtsezko hau bereganatzen.

Kutxak bere Gaztekutxa Mastercard Txartel berria bidaliko die ia 50.000 gazte gipuzkoarri eta hauek, hala, produktu berri, seguru eta egunero dituzten beharrizanetarako oso baliagarria izateaz gain, abantaila osagarri asko izango dituzte, esate baterako Internet bidez erosketak egin ahal izatea, dirua atera eta sakelako telefonoa birkargatu ahal izatea inolako komisio-motarik gabe, eta mundu osoko milaka dendatan ordaindu ahal izatea.

Onura hauei guztiei erantsi behar zaie, gainera, Gaztekutxa Mastercard Txartel berria dohainik dela lehen urtean, eta berekin daramatzala Gaztekutxak bere erabiltzaileei eskaini ohi dizkien pribilegio guztiak, hala nola, eta besteak beste, Servikutxa eta gaztekutxa.net zerbitzuen bidez sarrerak erosi ahal izatea; deskontuak denda, zinema, kontzertu, garraio, hotel eta abarretan; Telekutxarako sarrera eta bidaietako laguntza-asegurua, besteak beste.

EMV

EMV teknologi eta segurtasun estandarra, Gaztekutxa Mastercard Txartel berriak bereganatu duena, SEPA (Single Europa Payments Area/Europako Ordainketa Eremu Bakarra) ekimenetik sortu da; honen helburua Europan "etxeko merkatu" berri bat sortzea da, gaur egun nazioen artean dauden ezberdintasunak kenduz horretarako.

Helburu honetan aurrera egin ahal izateko, finantza-sektoreak erregulazioari ekin eta European Payments Council (EPC) sortu du; honek, Sepa Cards Framework (SCF) izeneko laneko planaren bidez, EMV (Europay Mastercard Visa) definitu du SEPA txartelen teknologi eta segurtasun estandar gisa.

Gaztekutxa Mastercard Txartelak bereganatu duen sistema honen berrikuntza nagusia txip teknologian oinarrituta egotean datza, betiko zerrenda magnetikoaz baliatu beharrean.

Hala ere, batez ere, lehiakortasun, berrikuntza, merkatu berrietarako sarbidea eta zerbitzu berrien garapenerako oinarrizko lanabesa izateaz gain, abantaila ugari eskaintzen du EMVk: iruzurra murriztea; arriskuaren kontrola areagotzea; eragiketa-kostuak murriztea; eta, batez ere, balio erantsi handiko eginkizunetarako plataforma batean sartzeko aukera.

Gaztekutxa txartelak, normalean erabiltzen duten ia 50.000 gazte gipuzkoarrei, modua ematen die produktu eta zerbitzu sorta zabal bat baldintza abantailatsuetan eskura izateko. Kutxak gazteei zuzendurik duen Gaztekutxa zerbitzuak, bere aldetik, gazte gipuzkoarrei beren beharrizan finantzarioetarako aukerarik onenak eskaintzea du xede nagusitzat: aurrezkirako, ikasketetarako, etxebizitzaren edo autoaren erosketarako kontu bereziak eta, modu osagarrian, prestakuntzan, hobekuntza profesionalean eta aisialdiaren gozamenean laguntzea.

Datozen hilabeteetan zehar, Gaztekutxak lagundu egingo die gazteei EHUren Udako Ikastaroetan matrikulatzen, nazioarteko hainbat ikasketa programatan parte hartzen, atzerrian hizkuntz ikastaroak egiten, graduondoko bekak lortzen, edota auzolaneko praktika berriak egiten. Gaztekutxak 600.000 euro pasatxo bideratuko ditu jarduera horiek guztiak diruz laguntzeko.