Audiogile Berriak deialdian saritutako Oier Bravoren 'Lehendabiziko ordua' lana entzungai dago Guau plataforman

Audiogile Berriak deialdian saritutako Oier Bravoren 'Lehendabiziko ordua' lana entzungai dago Guau plataforman
EITB
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 19 noviembre 2026 13:07

DONOSTIA 19 (EUROPA PRESS)

Donostiako Tabakalera zentroaren eta EITBren eskutik euskarazko soinu fikzioa sustatzea helburu duen Audiogile Berriak egitasmoaren hirugarren edizioaren irabazlea izan den Oier Bravoren 'Lehendabiziko ordua' lana entzungai dago jada EITBren Guau audio plataforman audio fikzio bilakatuta.

Hala jakinarazi dute ostegun honetan Donostiako Tabakaleran egin den aurkezpen ekitaldiaan Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorrak eta Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak.

Agerraldian Azaldu dutenez, Oier Bravoren 'Lehendabiziko ordua' euskarazko soinu fikzioan, gerra lehertzear da eta Ane aitona erreskatatzera abiatuko da, kaosaren, biziraupenaren eta traizioaren artean.

Lau ataleko fikzioa da eta Lera Estudioan ekoitzi da, Haritz Leteren zuzendaritzapean eta Sara Cozar aktoreen zuzendari dela. Biak ala biak aritu dira aktore lanetan, Nerea Sanz, Ramon Agirre, Ainhoa Etxebarria, Ainhoa Artetxe, Karmele Larrinaga, Asier Hernandez, Dorleta Urretabizkaia, Egoitz Sanchez eta Nahikari Beltzarekin batera. Haritz Letek egin du soinu diseinua eta nahasketa, Elena Setienek sortu du musika eta Alain Martinez Iribarrenek irudia.

Era berean, Ormazabalek eta Goñik Audiogile Berriak deialdiaren laugarren edizioa iragarri dute agerraldian. Goñiren esanetan, egitasmoak erakutsi du baduela zentzua eta, batez ere, baduela etorkizuna. "EITBrentzat, Audiogile Berriak ez da gidoi on bat aukeratzeko lehiaketa hutsa. Guretzat, euskarazko sorkuntza sustatzeko, talentu berriak ezagutzeko eta gure herriko audioaren sektorea indartzeko aukera bat da", esan du.

Lanak aurkezteko epea zabalik dago abenduaren 30eko 12:00ak arte) eta, aurrekoen ildotik, fikziozko hiru audio gidoi proiektu onenak (bideragarritasun eta kalitate aldetik) garatuko dira, gidoi bilakatu arte. Horietako lan bat ekoitzi eta zabalduko du EITBk eta 2027ko maiatzaren amaieran emango du epaimahaiak erabaki horren berri.

Oinarrietan aldaketa garrantzitsu bat sartu da aurten, Maite Goñik adierazi duenez: "Aurkeztu beharreko gidoien iraupena 90 minututik 40ra murriztu dugu. Esate baterako, hamar minutuko lau ataleko fikzio bat garatzeko aukera ematen du horrek. Zergatik? Jende gehiago animatzea nahi dugu eta, batez ere, lehen urratsak egiten ari diren gidoilariei bidea erraztu".

Hiru finalistek 2.000na euroko diru laguntza jaso eta prestakuntzako eta gidoia garatzeko egonaldi bana egiteko aukera izango dute Tabakalerako Zine eta Ikus-entzunezko Laborategian. Laborategiaren izaera azpimarratu du, hain zuzen ere, Edurne Ormazabalek: "2019an sortu zenetik, tokiko sortzaileen talentua eta sormen ingurune berriak sustatzeko helburua izan du. Audiogile berriak bezalako proiektu arrakastatsuen bidez, egonaldiak, aholkularitza eta baliabideak eskaintzen dizkie urtero ikus-entzunezko sortzaileei".

Bertan goi mailako profesionalekin arituko dira lanean; aurreko edizioetan, besteak beste, Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Jose Antonio Perez Ledo, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria izan dira tutoreak.

Contador

Contenido patrocinado