Automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko Aditu plataformak berrikuntzak gehitu ditu

Aditu plataformaren funtzionamenduaren adibide bat.
ELHUYAR
Europa Press País Vasco
Publicado: sábado, 26 junio 2021 12:35

BILBO 26 Jun. (EUROPA PRESS) -

Aditu Elhuyarren hizketa ezagutzaileak urtebete egin du, eta audioak eta bideoak automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko lehen euskal plataformak "aurrerapauso bat eman du zenbait berrikuntza gehituz eta euskararentzat giltzarri diren garapen teknologikoak sendotuz", bere arduradunek jakinarazi dutenez.

Adituk aurrez grabatutako audio eta bideo fitxategiekin nahiz zuzenekoekin funtzionatzen du. Orain arte, euskarazko eta gaztelaniazko hizketa ezagutzen zuen, hau da, hizkuntza horietako batean zegoen fitxategiekin egiten zuen lan.

Orain, aldiz, hizketa elebiduna transkribatzeko eta azpititulatzeko ere erabil daiteke, euskara eta gaztelania nahasian dituzten fitxategiak ere prozesatzen baititu. Gainera, Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoa integratua duenez, webgunean bertan itzul daitezke transkripzioak eta azpitituluak. Horrez gain, automatikoki sortzen duen emaitza webgunean bertan edita dezake erabiltzaileak, eta ondoren behin betiko fitxategiak deskargatu.

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako teknologia du atzean Adituk, eta eremu askotan aplika daiteke, hala nola ikus-entzunezkoetan eta hedabideetan, zuzeneko emisioetan, administrazio publikoan, pertsonen eta makinen arteko elkarrekintzan edo irisgarritasunean.

Audio fitxategiak, bideo fitxategiak nahiz sareko audio eta bideoetarako estekak prozesa ditzake. Horrez gain, aldibereko transkripzioak ere egiten ditu; hala, mikrofonotik hitz egitean zuzenean testu idatzia eskuratzeko aukera ere eskaintzen du.

Transkripzioen testuaz gain, azpitituluen fitxategiak ere sortzen ditu (VTT zein SRT formatuan), eta transkripzioa hitz bakoitzaren denbora markekin ere eska dakioke, bideoetan bilaketa aurreratuak egiteko, adibidez. Gainera, datuen pribatutasuna bermatzen du prozesu osoan.

Contenido patrocinado