DONOSTIA 8 Nov. (EUROPA PRESS) -
Behobia-Donostia lasterketaren 53. edizioa jokatuko da igandean, azaroaren 12an, eta, goizeko 06:30etik eta amaitu bitartean, eragin handia izango du ibilgailuen zirkulazioan, nahitaezko trafiko etenak eta desbideratzeak izango direlako, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak iragarri duenez.
Lasterketa goizeko 10:15ean hasiko da Behobian, nazioarteko zubiaren ondoan. Aurretik, 09:45ean, gurpil aulkietako parte hartzaileak aterako dira, eta 09:50ean patinatzaileak. Korrikalariek GI-636 errepideari jarraituko diote ibilbide osoan: Gaintxurizketa igo, Errenteria pasatu eta Pasai Antxora arte, eta handik Donostiara sartuko dira Buenavistatik; hortik Mirakruz gaina, Ategorrieta etorbidea eta Zurriola pasealekua zeharkatuko dute, Boulervardean amaitzeko.
Horrela, goizeko 06:30etik aurrera, zirkulaziorako itxita egongo da GI-636 errepidea, Oxin-Biribileko eta Behobiako biribilguneen arteko tartean; beraz, turismoentzat ordezko bide bat ezarriko da Irungo 54 industrialdetik, eta ibilgailu astunak AP-8tik desbideratuko dira.
Halaber, 08:30etik aurrera, proba Gaintxurizketako gainetik igarotzean, bypass delako bat ezarriko da: bidearen zati bat parte hartzaileak Errenteriara bideratzeko erabiliko da (Irunerako noranzkoan), eta bestea ibilgailuen zirkulaziorako (Donostiarako noranzkoan), GI-2638 errepidearekin lotura eginez (Lezo Gaintxurizketa).
Era berean, 08:30etik aurrera, GI-636 errepidea bi noranzkoetan itxiko da, 7,9 kilometro puntuaren (Gaintxurizketako gainaren hasiera) eta 5,0 kilometro puntuaren (Altamira) artean; ordezko desbideratzea ezarriko da GI-2638 errepidean (Gaintxurizketa-Lezo-Altamirako biribilgunea), eta handik berriz konektatuko ahalko da GI-636 errepidearekin, Don Boscoko tuneleko eremuan.
GOMENDIOAK
Parte hartzaileen kopuru handia dela eta (35.000 pertsonatik gora egon daitezke izena emanda, eta iaz 25.000 pertsonatik gora iritsi ziren helmugara), eta Gaintxurizketa eta Pasaia bitartean GI-636 errepidearen ardatzean trafikoa denbora luzean etenda egongo denez, Irunen, Donostiaren eta lasterketaren eraginpeko gainerako udalerrien arteko joan-etorrietarako beste errepide batzuk erabiltzea gomendatzen da.
Lasterketa jokatzen den bitartean, debekatuta dago bidean baimendutakoa ez den beste ezein jarduera egitea, hau da, ezin da oinez joan, zenbakirik gabe korrika egin, bidean sartu eta abar. Halako egoerek arriskua dakarkiete lasterketan parte hartzen dutenei eta trafikoari, eta horregatik, salatuak ere izan daitezke.
Era berean, probaren aurreko orduetan, lasterketa egingo den bideetatik zirkulatzen duten oinezkoek arreta bereziz gorde beharko dituzte galtzada eta bazterbideetatik oinez zirkulatzeko bete beharreko arauak, hau da, kontuz zirkulatzea, zirkulazioa ez eragoztea edota ilaran joatea.