BILBO 7 Jun. (EUROPA PRESS) -
Beñat Gaztelurrutia abadiñarra izango da Gerediaga Elkarteko kudeatzailea berria, eta Arantxa Atutxak utzitako lekua beteko du, elkartearen batzar nagusian hala erabakita.
Herri mugimenduari eta euskalgintzari lotuta egin du bere ibilbide profesionala Gaztelurrutiak, eta proiektuak kudeatzen eta lantaldeak koordinatzen esperientzia zabala dauka, Gerediaga Elkartetik nabarmendu dutenez.
Durangoko Frai Juan de Zumarraga Institutuan egin du Gerediaga Elkarteak batzar nagusia. Besteak beste, elkartearen estatutu aldaketa, aukeratu berri den zuzendaritza batzordeko kideen kargu izendapenak, 2019ko eta 2020ko diru kontuak, 2021erako aurrekontua eta asmoak, eta kudeatzaile berria aurkeztu eta onartu dira.
Horrela, Arantza Atutxak utzitako lekua beteko du aurrerantzean Beñat Gaztelurrutia. "Herri mugimenduari eta euskalgintzari lotuta egin du bere ibilbide profesionala eta proiektuak kudeatzen eta lantaldeak koordinatzen esperientzia zabala dauka", adierazi dute.
Durangoko Plateruena Kafe Antzokiko zuzendari izan zen 2002tik 2015era, eta Gerediaga Elkartearekin eta bereziki Durangoko Azokarekin harreman estua izan du aipatutako lanetan ibilita. Gerediaga Elkarteko bazkidea ere bada. Azken bi urteetan Elhuyar Aholkularitzan aritu da euskara teknikari.
Zuzendaritza batzordeari dagokionez, hamar kidek osatutako taldea izango da. Presidente, idazkari eta diruzain karguetan jarraituko dute beste bi urtez Nerea Mujikak, Asun Elorriagak eta Belen Bengoetxeak, hurrenez hurren.