GASTEIZ 3 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikekin duen konpromisoa, aurtengo Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, eta, esparru guztietan berdintasunean aurrera egiten jarraitu behar dela kontuan hartuz, bere egin du euskal erakunde guztiek bultzatutako kanpainaren 'Eman lekua berdintasunari' lelo nagusia. Ildo horretan, berdintasunari "merezi duen espazioa" emateko deia egin du gobernu bileran astearte honetan onetsi duen adierazpenean.
Jaurlaritzaren arabera, azken hamarkadetan berdintasunean aurrera pauso asko eman diren arren, "berdintasuna ez da bermaturik dagoen lorpen bat, egunero zaindu, babestu eta zabaldu behar dugun espazioa baizik".
"Bereziki une honetan, zeinetan gainditutzat jotzen genituen diskurtsoak berpizten ari diren eta ultraeskuinaren erreakzio bat ematen ari den, emakume eta gizonen arteko berdintasun eza ukatuz, emakumeen aurkako indarkeria hutsalduz eta feminismoa eta berdintasun politikak mespretxatuz", salatu du.
Jaurlaritaren iritsiz, berdintasunaren bidea "estutzeko benetako ahalegin bat" dago, eta, horregatik, deia egin du esparru guztietan berdintasunari "leku handiagoa ematen jarraitzeko", hala nola "enpresetan berdintasun planak aplikatuz eta soldata berdintasunerantz aurrera eginez, ikasgeletan hezkidetzaren bitartez genero rol mugatzailerik gabe heziz, etxeko lanak eta zaintzak modu orekatuan banatuz, gorroto eta desinformazioa eragiten duten diskurtso faltsuak salatuz, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde eginez, eta genero ikuspegia txertatuz plan, ekintza eta erabaki politiko bakoitzean".
"Berdintasunean aurrera egiteak berarekin dakar aurrera egitea eskubideetan, askatasunean, ongizatean, errespetuan eta pertsona guztientzako aukera berdintasunean. Beraz, herritar guztiak animatu nahi ditugu berdintasunarekiko konpromisoa publikoki eta modu aktiboan adieraztera egunero, eta bereziki martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Eman diezaiogun berdintasunari merezi duen espazioa", gaineratu du.