BILBO 10 Feb. (EUROPA PRESS) -
Bizkaiko Foru Aldundiak amaitu du Zallako Herrera auzoan bidegorri bat eraikitzeko eta BI-3651 errepidea oneratzeko lanen lehen fasea. Berun fabrika zaharraren eta Mella auzo bidearekiko bidegurutzearen arteko 336 metroko luzera duen zatiari dagokio fasea, eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 672.559 euroko inbertsioa egin du.
Foru erakundeak jakinarazi duenez, errepidearen plataforma handitzeko eta ezpondak egonkortzeko lanak egin dira, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide berria egokitzeko beharrezko espazioa sortuz.
Bidegorri berriak Zalla eta Balmaseda artean lehendik dauden bizikleta bideak lotzen ditu, eta txirrindulariek eta oinezkoek segurtasun gehiagorekin zirkulatzea ahalbidetuko du, segurtasun hesi baten bidez motordun trafikotik bereizita baitago.
Era berean, asfaltoa oneratu da, seinaleak hobetu dira eta LED argi berriak jarri dira. Jarduketa horiek guztiek hobetu egiten dute Bilbotik Reinosarako errepide zaharraren bide segurtasuna, gaur egun Enkarterri barneko joan-etorrietarako erabiltzen baita.
Lanon lehen fasea 2021eko urtarrilean hasi zen, eta sei hilabetetan gauzatu da, sai zuriaren ziklo biologikoa errespetatzeko martxotik irailera bitarte aurreikusita zegoen etendura kontuan hartuta, espezie babestu horrek inguruan egiten baititu habiak.
BIGARREN FASEA
Berun fabrika zaharraren egituraren elementuak erortzeko arriskua konpondu ondoren, Bizkaiko Aldundiak jarduketaren bigarren faseari ekiteko izapideak abiatu ditu. Bolunburuko bidegurutzetik igarotzen den BI-3651 errepidearen zatian eta fabrikan zehar egingo da.
366 metroko tarte horretan bidegorri bat birgaitzeko eta egokitzeko lanekin jarraitzeaz gain, lanen bigarren fasean bidegorri bat eraikiko da Pedrajas auzoraino, oinez edo bizikletaz lotura segurua errazte aldera. Era berean, bizikleta eta oinezkoentzako bide gisa seinaleztatuko da Mella auzo bidea, Mimetiz (Zalla) eta Balmaseda artean oinez edo bizikletaz mugitzeko ibilbide segurua osatuz.
Lan horiek zortzi hilabeteko iraupena izango dute, baina epe hori sai zuriaren ugalketa aldia errespetatu beharrak baldintzatuko du martxoaren 1etik irailaren 15era bitarte.