Actualizado 03/05/2021 13:08 CET

Bilboko Euskararen Etxeko 'Euskal Alien Nazioa' ihes gelan 229 lagunek parte hartu dute lehen hiruhilekoan

'Euskal Alien Nazioa'
EUSKARAREN ETXEA

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Bilboko San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxeak otsailaren 8an abiatu zuen 'Euskal Alien Nazioa' ihes gela. Bada, euskara eta zientzia fikzioa uztartzen dituen ekimenak "oso harrera ona" izan du urteko lehen hiruhilekoan, covid-19ak eragindako egoera gorabehera, eta 46 taldek parte hartu dute, hau da, 229 lagun.

Euskararen Etxeko arduradunek astelehen honetan jakinarazi dutenez, parte hartu duten 43 talde Bizkaikoak izan dira, eta beste hirurak Gipuzkoakoak. Gainera, 46 taldeetatik 15 euskaltegietakoak izan dira, haietako ikasleen artean ere "oso harrera ona" izan baitu ihes gelak. Egitasmoaren pilotajea Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiarekin egin da.

Harrera positibo horren ondorioz, Aste Santuan egunero eskaini zen ihes gela eta txanda guztiak bete ziren. Laster, maiatzaren 18an ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunaren harira, eskaintza zabaltzeko asmoa dute arduradunek -'Euskal Alien Nazioa' bisitatzeko egunak ostegun, ostiral eta larunbata izan ohi dira-.

Ihes gelak zietzia fikzioa eta euskara batzen dituen erronka proposatzen die bisitariei: "2155. urtean gaude. Estralurtarrak Euskal Herrira iritsi berri dira euskararekiko mirespenak itsututa. Beraien espazio ontzia Euskal Herriko txoko guztietatik ikus daiteke. Beraien helburua argia da: euskara hartu eta beraien bizilekura eraman".

Contador