BILBO, 18 (EUROPA PRESS)
Bilboko Pabellon 6 aretoak Nueve de Nueve Teatro konpainiaren 'Con lo bien que estábamos (Ferretería Esteban)' izenburuko antzezlana eskainiko du ostiraletik igandera, martxoaren 22tik 24ra. Musikal bat da, zuzeneko piano, melodrama, umore eta misterio kutsuekin, eta Buñuel, Fellini, Kurt Weill, Jaques Brel, Chaplin, Rufus Wainwright eta espainiar folkloreari buruzko erreferentzia ugarirekin.
Modu honetan, aretoko arduradunek jakinarazi dutenez, Jorge Uson eta Carmen Barrantes Pabellon 6ra itzuliko dira, 2012an 'Cabaré de caricia y puntapié' antzezlanarekin egon ondoren, eta, Max sari batzuk irabazi ostean, "Esteban burdindegiko ateak irekiko dituzte" berriro.
Usonek eta Barrantesek osatzen duten bikote artistikoak Nestor Ballesteros izango dute lagun pianoan, eta Esteban eta Marigel pertsonaiak antzeztuko dituzte berriz. Aragoiko burdindegi bateko bi saltzaile dira, eta egun batean antzokira joatea erabakitzen dute. Une horretatik aurrera, ez dira berdinak izango.
Antzezllanak Madrilgo Teatro Español antzokiko denboraldia ireki zuen 2020an, eta harrera ona izan zuen; urte horretako ikuskizunik onena izendatu zuten Espainiako hainbat argitalpenek. Konpainiak berak "esperpento musikal" bezala definitzen du Jose Troncosorekin idatzi eta zuzendutako lana.
Obrak Musika Konposizio Onenaren Max saria jaso zuen Mariano Marinentzat, eta Ekoizpen Lan Onenarena Nueve de Nueve Teatro taldearentzat, Musika Ikuskizun Onenerako izendatua izateaz gain. Konpainiak bazuen jada Musika Ikuskizun Onenaren Max saria, 'Cabaré de Caricia y Puntapié' antzezlanagatik.
'Con lo bien que estábamos (Ferretería Esteban)' ikusteko sarrerak www.pabellon6.org webgunean daude eskuragarri. Ostiraleko eta larunbateko emanaldiak 19:30ean hasiko dira, eta igandekoa 19:00etan.