Bilboko Udalak aisialdi hezigarriko eta osasungarriko 6.165 plaza eskainiko ditu udan ume eta nerabeentzat

Bilboko Udalak aisialdi hezigarriko eta osasungarriko 6.165 plaza eskainiko ditu udan ume eta nerabeentzat
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 15 abril 2026 14:16

BILBO 15 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak 6.165 plaza eskainiko ditu aurtengo udan aisialdi hezigarriko eta osasungarriko udal programen bidez 3 eta 18 urte bitarteko ume eta nerabeentzat, eta plazetako bat eskuratu ahal izateko izena emateko epea zabalik dago.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, aurten ere Goizeko Udalekuak, Eguneko Udalekuak, Udan Kirola eta Kirola Udan Kanpusa programak jarriko ditu martxan, bi helburu nagusirekin: batetik, familiei udako hilabeteetan kontziliazio premietan laguntzea eta, bestetik, neska-mutilei ondo pasatzeko, kirola egiteko, esperientzia berriak izateko eta sozializatzeko aukera ematea.

Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planaren esparruan, Esperantza ekipamenduak berriz ere STEAM jarduerak eskainiko ditu 2014 eta 2016 artean jaiotakoentzat. Jarduera dibertigarrien bidez, robotikarekin, programazioarekin eta teknologia berriekin esperimentatuko dute.

Gainera, aurten hirugarren urtez, Tokiko Agenda 2030ren helburuekin bat etorriz, familiei baxera berrerabilgarriaren multzo bat emango zaie (platera, edalontzia eta mahai tresnak). Tresna horiek mikrouhin-labean erabiltzeko modukoak dira, jatorri birziklatuko polipropilenoz eginda daude eta ez dute A Bisfenolik. Umeek egunero eraman beharko dute udalekura, otorduetan erabiltzeko.

Goizeko Udalekuak eta Eguneko Udalekuak ekainaren 22tik irailaren 4ra bitarte egingo dira, asteko txandetan, ordutegi malguarekin, eta 3.710 plaza daude. Goizeko Udalekuetako ordutegia 09:30etik 13:30era izango da, sarrera eta irteera malguarekin (09:00etatik 09:30era eta 13:30etik 14:00etara). Eguneko Udalekuak 09:30etik 16:15etara egingo dira, sarrera eta irteera malguarekin (09:00etatik 09:30era eta 16:15etatik 16:30era), jantoki zerbitzuarekin. Familiek aste bat edo bi aukeratu ahal izango dituzte.

Jarduerak Deustu, Zurbaran, Gallego Gorria, Basurtu, Cervantes eta Karmelo ikastetxeetan eta Esperantza udal espazioan egingo dira. 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzako eskaera egiteko epea apirilaren 21era arte egongo da irekita, eta www.bilbao.eus web orrian eta udal informazio telefonoan egin daiteke (010 / 944 010 010). Plazen zozketa apirilaren 23an egingo da, emaitzak hurrengo egunean argitaratuko dira eta izen-ematea apirilaren 24tik 28ra egin beharko da.

Itxaron zerrendan geratzen direnentzat izena emateko epea maiatzaren 8tik 12ra bitarte izango da; izena emateko bi epe horiek igaro ondoren, plazarik geratzen bada bete barik, maiatzaren 20tik 22ra bitartean eskatu ahal izango da. Bide beretik egingo dira eskariak, hala online, nola telefono bidez.

UDAN KIROLA

Bestalde, Udan Kirola programak hainbat modalitate eskainiko dizkie 6 eta 13 urte bitarteko haurrei. Guztira 2.425 plaza daude eta horietatik 30 dibertsitate funtzionala duten adingabeentzat izango dira. Asteka egingo dira udalekuok ekainaren 22tik irailaren 4ra bitartean, 09:00etatik 14:00etara, Artxandako, Txurdinagako, Errekaldeko eta San Ignazioko uda kiroldegietan.

Izena asteka eman ahal izango dute Bilbao Kirolak-en webgunean eta kiroldegietan, apirilaren 27tik aurrera, abonatuek zein Bilbao Kirolak-era abonatuta ez daudenek. Interesa duten familiek nahi beste astetan egin dezakete inskripzioa. Plazak izena eman ahala esleituko dira.

Kirol egokituko jarduerak San Ignazioko kiroldegian egingo dira, ekainaren 22tik 26ra, ekainaren 29tik uztailaren 3ra, uztailaren 6tik 10era, uztailaren 13tik 17ra eta uztailaren 20tik 24ra. Kirol egokituko 30 plazetarako izen-ematea San Ignazioko kiroldegian egin daiteke.

Azkenik, Kirola Udan Kanpusa udalekuak bost kirol modalitate eskainiko ditu: gimnastika erritmikoa, gimnastika artistikoa eta tranpolina, erraketa, dantza modernoa eta eskalada. Izena asteka eman ahal izango dute Bilbao Kirolak-en webgunean eta kiroldegietan, apirilaren 27tik aurrera, abonatuek zein Bilbao Kirolak-era abonatuta ez daudenek.

Errekaldeko kiroldegirako autobus zerbitzua izango da astean 21 euro gehiago ordainduta. Interesa duten familiek nahi beste astetan egin dezakete inskripzioa. Plazak izena eman ahala esleituko dira.

Contador

Contenido patrocinado