BILBO, 14 (EUROPA PRESS)
Larunbat honetan, abuztuak 16, hasiko den Aste Nagusia dela eta, Bilboko Udalak segurtasun-operatibo garrantzitsu bat prestatu du, ostegun honetan, Segurtasun Koordinazio Batzordeak aditzera eman duenaren arabera. Segurtasuna bermatzea eta era guztietako delituak prebenitzea da helburua, eraso matxista eta gorroto delituetan arreta berezia jarriz.
Bederatzi egunez milioi eta erdi pertsona baino gehiago mobilizatuko dituzten jai hauen tamaina eta ezaugarrietara egokitutako operatiboaren inguruko bilera honek, Juan Mari Aburto alkatea zuen buru, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agintariak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriak eta, beste arduradun instituzional batzuen artean, Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziak ere parte hartuz.
Udaltzaingo eta Ertzaintzako agenteak uniformez zein kale-jantzian ibiliko dira eguneko 24 orduetan jai-eremu nagusietan: Areatzan, Zazpikaleetan, Plaza Biribilean, Campo Volantín pasealekuan, Erkoreka plazan, Europa parkean, Abandoibarran, Casilda Iturrizar parkean, Moyua plazan edo Etxebarria parkeko barraka-eremuan.
Delituen artean ohikoenak ebasketak dira. 2024ko edizioan, Udaltzaingoak Aste Nagusian erregistratutako 562 salaketetatik %72,6 (408) ebasketak izan ziren, batez ere mugikorrenak eta diru zorroenak.
Ertzaintzak kontrolguneak ezarriko ditu jende asko biltzen den eremu horietarako sarbideetan, ibilgailurik ez igarotzeko, eta arma edo objektu arriskutsuren bat eramaten duten pertsonen sarrera iragazteko.
Nabarmentzekoa da ebasketa delitu baten biktima diren herritarrek polizia etxeetatik kanpo ere jarri ahal izango dituztela salaketak. Kasu horietan eta bestelako delitu arinetan, egile ezezagunak eragindako kalteak eta lapurretak kasu, esku hartzen duten udaltzainek delitua gertatu den lekuan artatuko dituzte biktimak, salaketa-akta gainean eramago dute eta.
Era berean, Udaletxeko komisarian prestatutako Salaketak Jasotzeko Zerbitzu Berezian ere jarri ahal izango dira mota horretako salaketak.
Segurtasun dispositiboak eraso sexisten aurkako prebentzioan eta jarduketan ere izango du eragina. Jaigunearen barruan zein kanpoan agente gehiago jarriko dira, kale-jantzian, prebentzio-lanak egiteko eta berehala jarduteko. Bideozaintza jarriko da, eta, beharrezkoa denean, instituzioarteko protokolo guztiak abiaraziko dira.
Iaz, Udaltzaingoak bederatzi salaketa erregistratu zituen sexu-askatasunaren aurkako delituengatik, gehienak sexu-ukituak.
Amaia Arregik aitortu du sexu askatasunaren aurkako delituen gaiak asko kezkatzen dituela udal-arduradunak, ezen "nahiz eta delituon intzidentzia txikia izan kopuruz, haien larritasunak erantzun irmoa, zeharkakoa eta denboran iraunkorra eskatzen du, erantzun polizialaz haragokoa".
Horregatik bultzatu du Udalak, aurten ere, eraso sexisten aurkako prebentziorako eta sentsibilizaziorako udal-estrategia. Hain zuzen ere, herritarrak inplika daitezen nahi dutelako, era horretan errespetuan eta askatasunean oinarritutako portaerak eta harremanak sustatzeko eta indarkeria matxista desagerrarazten laguntzeko. Estrategia horren goiburua "Errespetu Nagusia" da.
Ildo horretan, Arregik gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren SOS DEIAK aplikazio mugikorra eskuragarri dagoela eta herritarrak animatu ditu aplikazio hori deskargatzera, oraindik deskargatu ez badute.
"Sistema horrek segurtasunaren zerbitzura jartzen du teknologia", eta erabiltzaileei aukera ematen die, edozein gorabehera gertatuz gero, zuzenean larrialdietako zentro bakarrari jakinarazteko. Gainera, "badu atal berezi bat, halako erasoren bat gertatzen denean laguntza eraginkortasunez eta berehala eskatzeko" gehitu du Arregik.
Aurreko urteetan bezala, Biktimei Laguntzeko eta Babesteko Udaltzaingoaren Ikuskaritzak arreta aurrez aurre emateko zerbitzu espezifiko bat planifikatu eta diseinatu du Udaletxeko Komisarian ere, Areatzako jaigunetik hurbilen dagoen komisarian, 22.00etatik 06.00ak arte.
Zerbitzu horren helburua era guztietako indarkeria matxisten biktimei lehenengo harrera eta arreta ematea da, baita gorroto arrazista, xenofobo, ijitoen kontrako eta LGTBIfobikoko delitu edo gertakarien biktimei.
Aurten ere, alkoholemiaren eta droga-kontsumoaren prebentzio-kontrolak indartuko dira, Udaltzaingoak berrogei kontrol baino gehiago planifikatuz, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan, hiriko zenbait puntutan, eta Ertzaintzak beste horrenbeste egingo du hirira sartzeko puntuetan.
Horren guztiaren helburua herritarrak kontzientziatzea da, oso garrantzitsua dela alkohola eta drogak saihestea gidatu behar denean, eta tasa seguru bakarra %0,0 dela.
2024an, ia 465 alkoholemia-proba egin ziren kontroletan, eta 12 bakarrik izan ziren positiboak. Gainera, 67 estupefaziente-proba egin ziren (zazpi positibo).
26 zirkulazio-istripu egon ziren azken Aste Nagusiko egunetan (hamabost talka, kalte materialak eragin zituztenak; bederatzi talka, zaurituak eragin zituztenak; eta, harrapatze bi). 18 pertsona zauritu ziren istripu hauetan, horietako bat larri.
Udaltzaingoak ere legez kanpoko kalez kaleko salmenta kontrolatuko du. Ez daude baimenduta udalaren baimenik ez duten salmenta-postuak, ezta ebakuazio-bideak okupatzea eta herritarren segurtasuna arriskuan jartzea dakartenak ere.
2024ko edizioan, inolako osasun kontrolik gabe saltzen ari ziren 100 kilo janari konfiskatu zituzten udaltzainek. Gainera, beste 30 produktu konfiskatu ziren, hala nola tabakoa, garagardo-latak, piroteknia...
Udalaren instalazioetan dagoen Udaltzaingoaren Ikuskaritzan, Galdutako eta Aurkitutako Gauzen Zerbitzu Berezia jarriko da berriro martxan, jaietan galtzen diren objektu guztiak (diru-zorroak, giltzak eta mugikorrak, batez ere) ahalik eta lasterren itzultzen saiatzeko.
Zerbitzu hori 24 orduz egongo da zabalik Aste Nagusi osoan (telefonoa: 94 420 49 81), eta lau pertsonek emango dute denbora guztian, abuztuaren 17ko 18.00etatik azken domekako 00.00etara arte. Galdutako objektuak berreskuratzeko denbora murriztu egin nahi da, batez ere dokumentazio pertsonala.
Kontuan harturik nolako objektua galtzen diren, dagokion informazioa eskatuko zaio interesdunari; mugikorren kasuan, ezinbestekoa izango da IMEIa ematea.
Herritarren laguntza eskatzen da, galdutako objektuak aurkitu bezain laster bulego honetan entrega ditzaten, itzulketek arrakasta izateko beharrezkoa baita objektuak azkar aurkitzea eta jabeekin berehala jartzea harremanetan.
Era berean, herritarrek aurkitzen dituzten objektuak jaigunean patruilatzen ari diren Udaltzaingoaren edozein patruila uniformaturi ere eman ahal izango zaizkie, baita jaien, barraken, kontzertuen eta abarren esparruetako sarbideetan dagoen beste edozein unitateri ere.
Bulego horri esker, iaz 330 objektu baino gehiago jaso ziren, gehienak dokumentazioa, diru-zorroak eta mugikorrak.
Udalak anbulantziak eta osasun-langileak izango ditu Abandon, Casilda Iturrizar parkean, Europa Parkeko eta Abandoibarreko kontzertuguneetan, eta Etxebarria parkeko barraken esparruan eta inguruetan, barraketako ordutegian; azken hori indartu egingo da su artifizialak jaurti aurretik, bitartean eta ondoren.
Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzuak batez beste 9 prebentzio-zerbitzu operatibo emango ditu egunero, jaietako eta barraketako ekitaldi eta esparruetan gertatzen den edozein larrialdiri edo arrisku-egoerari aurrea hartzeko.
Guardiak indartuko dira egunero, bai Miribillako parke nagusian, bai Deustuko zonako parkean. Batez beste, 40 suhiltzaile egongo dira. Guardiako dotazio indartu horien barruan, aurreikusi da uretako erreskateko eta urpekaritzako dotazio bat egongo dela ibaian denbora guztian, eta salbamenduko ontzi bi egongo dira.