BILBO 23 Feb. (EUROPA PRESS) -
Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak lurraldeko udalerri txikietako azpiegiturak finantzatzeko bi milioi euroko aurrekontu saila duen dirulaguntzen dekretua argitaratzea onetsi du astearte honetako bilkuran, Elena Unzueta bozeramaileak iragarri duenez.
Hala, 7.500 biztanle edo gutxiago dituzten udalerriek jaso ahalko dituzte diru laguntzak, eraikinak berritzeko, oinezkoentzako espazioak egiteko, bide publikoak eta hiriko aparkalekuak egiteko eta ekipamendu publikoak estaltzeko, besteak beste.
Bi zatitan egingo da diruaren banaketa: milioi bat euro 1.200 biztanle edo gutxiago dituzten udalerrietan obrak finantzatzeko, eta beste milioi bat euro 7.500 biztanlerainoko gainerako udalerrientzako. Lehenengo taldeko udalerrien kasuan, diru laguntza bakoitzarekin 30.000 euroko aurrekontua estaliko da gehienez; gainerako udalerrien kasuan, aldiz, 100.000 euroko aurrekontua, gehienez.
Dena dela, jarduketa iraunkorretarako emango dira bakarrik diru laguntzak; udalaren etorkizuneko egoera ekonomikoa eta finantzak arriskuan jartzen ez dituzten jarduketetarako bakarrik. Horretarako, diru laguntza jasotzen duen azpiegiturak hurrengo hiru urteetan sor ditzakeen gastuak finantzatzeko diru iturrien justifikazioa aurkeztu beharko du erakundeak.
Laguntzak eskatzeko epea bi hilabetekoa izango da, dekretua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera zenbatuta (otsaila bukatu baino lehen argitaratzeko asmoa dago).
2016an sortutako aurrelkontu sail baten sartuko lirateke diru laguntza horiek. Tokiko erakundeei laguntzea da sail horren helburua, udalerri txikienei lehentasuna emanez. Bizkaian, 7.500 biztanle baino gutxiago duten 86 udalerri daude.