Cirque du Soleil taldeak 2026an Barakaldon eskainiko duen ikuskizunerako sarrerak salgai daude

Cirque du Soleil taldearen 'Kurios - Bitxikerien Kabinetea'
MATHEW TSANG
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 30 abril 2025 10:24

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Cirque du Soleil zirku konpainiak 'Kurios - Bitxikerien Kabinetea' ikuskizuna aurkeztuko du Barakaldoko (Bizkaia) Ansioko azoka eremuan 2026ko apirilaren 8tik aurrera, eta sarrerak salgai daude jada cirquedusoleil.com/kurios web orrian.

Konpainiako iturriek jakinarazi duenez, Cirque du Soleil 2013an izan zen azken aldiz Bizkaian, 'Kooza' ikuskizunarekin. Gainera, 2025ean 25 urte beteko dira lehenbiziko aldiz Euskal Herrian izan zenetik.

Kritikak mundu osoan goraipatutako 'Kurios - Bitxikerien Kabinetea' 2014an estreinatu zen Montrealen, eta ordutik sei milioi ikusle baino gehiago izan ditu mundu osoko 35 hiritan, 50 artistek osatutako taldeak eskaini dituen 3.000tik gora emanaldietan.

Ikuskizunak taldearen "estilo bereizgarria" erakusten du, "akrobazia ikusgarriak poesia, arte eta umore ukitu freskagarriarekin uztartuz". "Errealitatetik ateratzeko ihesaldi haluzinagarria da, eta steampunk delakoan inspiratutako jai giroko unibertsoa dakar, non ustekabeak nonahi ageri diren", adierazi dute.

Iragan alternatibo baina ezagun batean, ikuskizuna zientzialari baten laborategi mekanikoan barneratuko da. Zientzialaria ziur baino ziurrago dago mundu ezkutu eta ikusezin bat dagoela, ideiarik eroenez eta ametsik bikainenez betea.

Gauza miragarrien mundu horretarako atea irekitzea lortzen duenean, denbora erabat geldituko da, eta orduan, beste mundu bateko hainbat pertsonaia haren bitxikerien kabineteaz jabetu eta bere sorkuntzei bizia emango diete, banan-banan.

"Ikus daitekeena ikusezin bilakatu eta perspektibak eraldatu ahala, 'Kurios - Bitxikerien Kabinetea' irudimenaren boterearen ospakizun aparta bihurtuko da", azaldu dute.

Bada, 'Kurios - Bitxikerien Kabinetea' 2026ko apirilaren 8tik aurrera ikusi ahal izango da Barakaldoko Ansioko azoka eremuan jarriko den karpa handian.

Cirque Club sareko komunitateko kideei bakarrik zuzendutako sarreren aurresalmenta astelehenen ireki zen, eta salmenta orokorra asteazken honetan hasi da, apirilaren 30ean, cirquedusoleil.com/kurios web orrian.

Contenido patrocinado