Darwin Egunaren 18. edizioa hasiko da Bilbon otsailaren 12an

18. Darwin Eguna Bilbon.
BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 5 febrero 2024 11:06

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturguneak Darwin Egunaren 18. edizioa jarriko du martxan otsailaren 12an eta zientziaren inguruko jarduera berriak eskainiko ditu. Hasteko, Conchi Lillo Delgado biologo, Neurozientzietan doktore eta Salamancacko Unibertsitateko irakasleak eta Asier Gomez Olivencia giza eboluzioan aditua den doktore eta paleontologoak hitzaldi bana emango dute.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, Conchi Lillo Delgadok 'Eboluzioari begirada bat' hitzaldia eskainiko du. Ornodunen eta ornogabeen bitxikerietatik eta ezaugarrietatik abiatuta, izaki bizidunen ikus sistemak nola funtzionatzen duen eta bizirauteko nola garatu den azalduko du.

Bestalde, Asier Gomez Olivenciak neandertalen inguruan egin diren azken aurkikuntzak azalduko dizkie bertaratutakoei, eta teknologia berrien erabilerari eta aztarnategi klasikoen berrikuspenari esker lortutako datu berrietan sakonduko du 'Zer moduz, neandertal? Ezagun zahar baten inguruko datu berriak' hitzaldian.

Mintzaldiak Bidebarrietako liburutegiaren areto nagusian izango dira, 18:30ean, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta liburutegiak sustatu dituzte. Sarrera doakoa eta librea izango da aretoko eserlekuak bete arte, eta bertaratzerik ez badago 'streaming' bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalean