Donostiako 2017ko Hiritar Merezimenduen Dominak banatu ditu Goiak

Hiritar Merezimenduen Dominak banatu ditu Donostiak
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 20 enero 2017 17:01

DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)

Eneko Goia Donostiako alkateak 2017ko Hiritar Merezimenduen Dominak eman ditu ostiral honetan. Aurten, Kemen Elkartea, Aspanogi, Gimnastica de Ulia elkartea, 1982. urteko Jakintza Ikastolako 5. B mailako gelako bederatzi neskak eta Javier Hernaez Uranga aintzatetsi dituzte. Udalbatza aretoa lepo egon da eta saritu guztiak pozik azaldu dira izendapenarekin eta eskerrak eman dituzte jasotako aitorpenagatik.

Goiak bere hitzaldian adierazi duenez, "sarituek, denek, helburu bera dute: pertsonen bizitza hobetzea. Jendeari begietara begiratzen diozue. Eskutik, besotik eta sorbaldatik heldu, eta bizitzan aurrera egiten laguntzen diezue. Beste hiritarrengan pentsatzen duzue eta honek, Donostia hiri hobeagoa egiten du".

Sarituei dagokienez, Kemen Elkarteak 23 urte daramatza lanean pertsona desgaituen alde, kirol egokituaren bitartez. Aspanogik, aldiz, minbizia duten haurren eta euren familien alde egiten duten lanagatik aintzatetsi dute. Gimnastica de Ulia elkartea Errege egunekoko krosaren antolatzailea eta Donostiako atletismoaren oinarriaren sustatzaile da.

Halaber, 1982. urteko Jakintza ikastolako 5. B mailako gelako bederatzi neskak Sara Iturrioz, Ana Zirikiain, Leire Ozkariz, Idoia Amas, Nora Lizartza, Ainitze Blanco, Miren Sorne Uranga, Ainitze Errasti eta Josune Izagirre dira, eta euren ekimenari esker, 1983tik aurrera milaka neskek haur danborradan danborra jotzen parte hartu dute. Azkenik, Javier Hernaez Uranga Altzako parrokoak Altza-Larratxo auzoan beharra duten hainbat pertsona zein kolektiboen alde egindako lanagatik jaso du domina.