Donostiako Udalak 22.500 euro banatuko ditu establezimenduen barruko hizkuntza pasaia euskalduntzeko laguntzetan

Okindegi bat Donostian
DONOSTIAKO UDALA - Archivo
Actualizado: martes, 19 febrero 2019 13:18

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak diru laguntza lerro berria ireki du hiriko establezimenduen hizkuntza paisaia euskalduntzeko. Orain arte, establezimenduen kanpo errotulazioa euskalduntzeko diru laguntza eskaini izan du, baina 2019an ostalaritza establezimenduen barruko hizkuntza paisaia ere euskalduntzeko laguntza eskatu ahal izango da. Horretarako, Euskara Zerbitzuak 22.500 euro bideratuko ditu 2019an eta, dirua agortu arte, diru laguntza eskaerak jasoko dira.

Euskara Zerbitzuak lehentasunezkotzat jotzen du establezimenduen hizkuntza paisaia euskalduntzea, Donostian euskararen normalizazio prozesua bideratzeko, eta, horretarako, aurten diru laguntza kopurua handitzea erabaki du. "Azken batean, hizkuntza paisaia euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz jartzeagatik establezimenduei diru-laguntza emateak, besteak beste, kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzen ditu", adierazi dute Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzutik.

Diru laguntzak eskatzeko, www.donostiaeuskaraz.eus, www.merkatari.eus eta www.donostia.eus webgunetan eskuragarri dago eskaera orria, bai eta Euskara Zerbitzuan bertan ere (Konstituzio plaza, 2 behea).

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarentzako lehentasunezkoa da hiriko merkataritzan eta ostalaritzan euskarak gero eta presentzia handiagoa izatea. Horregatik, hizkuntza paisaia euskalduntzeko diru laguntzak gehitzeaz gain, "Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz" egitasmoa ere martxan du 2014tik. Egitasmoaren helburu nagusia da bezeroak hizkuntza eskubideak bermatuta izatea eta, horretarako, parte hartzen dutenen establezimenduek lehen hitza euskaraz egingo dute eta establezimenduaren langileen erdiak edo gehiago euskaldunak izango dira bezeroen hizkuntza hautua bermatu ahal izateko.

Bestalde, Euskara Zerbitzuak xede bereziko euskara ikastaro laburrak ere eskaintzen ditu arlo honetako langile eta profesionalentzat, bai eta doako itzulpen eta zuzenketa zerbitzua ere.