DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)
Donostiako Udalak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta haien ardurapeko adingabeei zuzendutako prestazioak indartu ditu, arreta emateko lantaldea handituz eta harrerarako instalazioak hobetuz.
Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez, "zerbitzua hobetzeko arrazoia emakumeen eta haien seme-alaben aurkako indarkeria matxista da, azken horiek izaten baitira amek pairatzen duten indarkerien biktima zuzenak. Horregatik, arretarako instalazioak egokitzeaz gain, adingabeen beharretan aditua den profesional bat ere arituko da lantaldean".
Hala, astelehen honetatik aurrera, Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak indarkeria mota horren biktimei arreta emateko eta harrera egiteko gune berritua izango du Urdaneta kaleko bulegoetan. Bulegoak udan birmoldatu dira, eta, horri esker, edukiera bikoiztu egin da.
Aurrerantzean, bulegoak lau arretagune izango ditu, bi izan beharrean, hiru beheko solairuan eta bat hurrengoan, alegia. Gainera, itxarongela integratu berria ere sortu da emakumeentzat eta haien senideentzat, eta aparteko leku batean egongo da, bertara iristen direnen intimitatea bermatzeko.
Horrez gain, biktimak artatzeko lantaldea indartu da, hiru profesional izatetik lau izatera igaro baita; laugarrena psikologo bat izango da. Profesional bat gehitzeak aukera emango du indarkeria matxista jasaten duten biktimei begirada globalagoa eskaintzeko, indarkeria hori jasaten duten bizikidetza unitateetako adingabeengan jarriko baitu arreta bereziki, eta, beraz, esku hartzea haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean erabat babesteko ikuspegitik ere egingo da.
Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak laguntza integrala eskaintzen die indarkeria matxistaren biktimei. Horretarako, informazio eta babesa emateko berariazko programa bat dauka, eta bere baliabideen bitartez eta beste sail edo erakunde batzuen baliabideak erabiliz sustatzen du.
Programaren arduradunak kasu bakoitzaren diagnostikotik abiatzen dira eta biktimarekin esku hartzeko plan bat adosten dute. Plan horretan honako baliabide eta zerbitzu hauek sar daitezke: informazioa eta orientazioa, laguntza psikologikoa, laguntza soziojuridikoa, harrera zerbitzuak (egonaldi labur, ertain eta luzeko larrialdiko eta harrerako pisuak), larrialdiko laguntza ekonomikoak eta emakumeei laguntzea.