EAEko ibai eta urtegietan zebra muskuiluaren hedapena saihesteko plan bat prestatu dute

Zebra muskuilua
Europa Press
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 1 agosto 2013 19:10

BILBO 1 Ago. (EUROPA PRESS) -

URA Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, uren kudeaketaz arduratzen diren partzuergo eta erakundeekin batera, zebra muskuiluaren hedapenaren kontrolerako 2013-2015 Hiru Urteko Ekintza Plana prestatu dute espezie inbaditzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ur masetan hedatzen jarraitzea saihesteko. Espeziearen ezaugarri biologiko eta ekologiko nagusiak, euskal lurraldetako populazioen oraingo egoera eta orain arte abiarazitako prebentzioko eta aurrez aurreko neurri guztiak jasotzen ditu plan berriak.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josean Salerak azaldu duenez, "EAEko beste ur-masa batzuk azkar kolonizatu direnez, neurriak, premiazkoak oro har, hartu behar izan ditu administrazioak lehen fase batean; horren ostean, plana laburpen dokumentu bat da epe laburrera eta ertainera aurreikusitako neurrien ikuspegi osoa emateko".

URA Uraren Euskal Agentziako zuzendari Iñigo Ansolak gaineratu du planak zebra muskuluaren jarraipena aurreikusten duela larbak zein helduak direnean, haien populazioei buruzko informazioa kudeatzearekin batera.

"Espezieari eta haren portaerari, ur masen zaurgarritasunari eta desagerrarazteko eta kontrolatzeko neurriei buruzko ikerketa zehatza egiten da ikerketaren eta jakintza hobetzearen arloan. Hainbat neurri arautzaile eta betearazle aurreikusi dira hedatzeko arriskua ahalik eta txikiena izan dadin, bai eta azpiegiturei, eremuak edo espezieak kontserbatzeari zein jardunaldi tekniko eta prestakuntza kanpainen bidezko dibulgazioari, prestakuntzari eta gizartearen sentsibilizazioari buruzko zenbait jarduera ere", azaldu du.

Zebra muskuilua (Dreissena polymorpha) Kaspiar Itsasotik eta Itsaso Beltzetik datorren espezie inbaditzaile bat da, eta kalte handiak eragiten ditu Iberiar penintsulako ibai inguruneetan. Izena oskolaren zerrenda argi eta ilunen sigi-sagako kolore eredutik datorkio. Tenperaturaren eta gatz mailaren bat-bateko aldaketei aurre egiteko gauza da, eta hainbat egun eman ditzake uretatik kanpo. Halaber, muskuilu helduek neurri mikroskopikoko milioika larba sortzen dituzte; uretan modu esekian bizi dira horiek, eta horregatik dute erraztasun handia uretako beste ingurune batzuk kolonizatzeko.

LEHEN ALEAK, 2006AN

Zebra muskuiluaren lehen aleak Larrazubiko (Araba) urtegitik ibaian behera aurkitu ziren 2006an Euskal Autonomia Erkidegoan, eta harrez geroztik, beste ur masa batzuetara ere zabaldu da. Gaur egun, Ullibarri-Ganboa, Undurraga, Urrunaga eta Mendikosolo urtegietan dago, bai eta Ebro, Santa Engrazia, Arratia eta Ibaizabal ibaietan ere.

Arloan eskumenak dituzten erakundeek EAEn kontrolatzeko jarraipen eta koordinazio batzordea sortu zuten zebra muskuilua EAEn agertu ondoren. Horren barruan hainbat jarduera proposatu, koordinatu eta egiten dituzte espezie horrek izan dezakeen eragina murrizteko, hala nola populazio berriak goiz topatzeko lanak; aleak deuseztatzea, hori egin ahal izan denean; araudiak egokitzea eta betetzen direla zaintzea; dibulgazio eta sentsibilizazio lanak; desinfektatzeko estazioak ipintzea eta abar.

Contenido patrocinado