BILBO 2 May. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostiral honetan, maiatzaren 2an, giro ezegonkorragoa izango dugu, eta zaparrada trumoitsuak botatzeko probabilitatea aurreko egunean baino handiagoa izango da.
Goizean goiz hodeiak ugaritu egingo dira eta egunaren erdialdeko orduetan zaparrada trumoitsuak botako ditu leku askotan; zenbait lekutan mardulak izan daitezke, txingorrarekin eta haize-bolada zakarrekin. Arratsalde erditik aurrera atertzera egingo du eta gauean hodeitza txikitu egingo da.
Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin haizeguneetan. Tenperaturan ez dugu aldaketa nabarmenik espero, baina kostaldean maximoak pixka bat igo daitezke. Hiriburuetan, Baionan 15 gradu espero dira gutxienez eta 25 gehienez, Bilbon 13 gutxienez eta 25 gehienez, Donostian 12 gutxienez eta 25 gehienez, Gasteizen 12 gutxienez eta 20 gehienez eta Iruñean 11 gutxienez eta 21 gehienez.
Itsasbazterrean hego-ekialdeko haizea ibiliko da, 3-4ko indarrarekin eta 5eko tarteekin, eta egunaren erdialdeko orduetan tarteka eki/ipar-ekialdekoa, 3koarekin; itsaso kizkurra eragingo du, itsaskirriko guneekin. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro arteko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 08:50ean eta 21:09an izango dira, eta itsasbehereak 02:32an eta 14:50ean. Uraren tenperatura 15 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.