BILBO 17 Oct. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, asteazkenean, urriaren 18an, hego-mendebaldeko haizeak gogor jotzen jarraituko du. Goizaldean eta goizean goiz ufadak gogorrak eta oso gogorrak izango dira, eta arratsaldean haizeak baretzeko joera izango du. Kantauri isurialdean aldakor geratuko da, ipar ukituarekin, batez ere itsasertzetik gertu.
Bestalde, hodei asko izango da oro har, eta tarteka ostarte batzuk, batez ere egunaren erdialdean. Euri pittin bat egin dezake han-hemenka, batik bat egunaren lehen partean. Kostaldean tanta batzuk bota litzake hego-haizea baretzean. Tenperaturak koska bat egingo du behera, baino balio epelekin jarraituko dugu.
Hiriburuetan, Baionan 20 gradu espero dira gutxienez eta 25 gehienez, Bilbon 19 gutxienez eta 27 gehienez, Donostian 18 gutxienez eta 25 gehienez, Gasteizen 15 gutxienez eta 21 gehienez eta Iruñean 18 gutxienez eta 24 gehienez.
Itsasoan, haizeak hegoaldetik hego-mendebaldera egingo du 4-5eko indarrarekin eta 6ko tarteekin, eguerdi partean 2-3kora ahulduko da, arratsaldean aldakor geratuko da, eta azken orduetan berriro ere hego-mendebaldetik finkatu eta 4-5ekora handituko da; itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Mendebaldeko hondoko itsasoa azkar igoko da arratsaldean 1,5 metro inguruko olatuak altxatu arte. Itsasgorak 07:12an eta 19:29an izango dira, eta itsasbehereak 01:02an eta 13:20an. Uraren tenperatura 20 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.