BILBO 5 Abr. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, igande honetan, apirilaren 5ean, eguraldiak ildo beretik jarraituko du hegoaldean; giroa eguzkitsu egongo da han eta tenperatura maximoak 20 eta 25 gradu artekoak izango dira berriro. Iparraldean, aldiz, goizetik aurrera behe-hodeiak agertuko dira eta zerua tarteka hodeitsu egongo da. Horregatik, han tenperatura maximoak asko jaitsiko dira, altuenak 16 edo 17 graduren bueltan.
Haizearen norabidea aldatuz joango da; egunaren hasieran mendebaldetik joko du, gero iparraldera aldatuko da eta egunaren amaieran ipar-ekialdeko haizea ibiliko da. Hiriburuetan, Baionan 11 gradu espero dira gutxienez eta 16 gehienez, Bilbon 10 gutxienez eta 17 gehienez, Donostian 11 gutxienez eta 17 gehienez, Gasteizen 7 gutxienez eta 22 gehienez eta Iruñean 9 gutxienez eta 23 gehienez.
Kostaldean mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da 2-3ko indarrarekin, arratsaldean ipar-osagaira aldatuko da, eta gauean ipar-ekialdera; itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Egunaren lehenengo partean ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu, eta bigarrenean 2-2,5 metrokoak. Itsasgorak 07:16an eta 19:31ean izango dira, eta itsasbehereak 01:41ean eta 13:26an. Uraren tenperatura 13 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.