BILBO 6 Oct. (EUROPA PRESS) -
Elhuyarrek argitaratu berri dituen euskara-gaztelania/castellano-vasco hiru hiztegien edizio berria eta Elhuyar Hiztegiak webgune berria aurkeztuko ditu datorren ostegunean, urriaren 10ean, Bilboko Bidebarrieta liburutegian egingo den ekitaldi batean.
Elhuyar Hiztegiaren laugarren edizioa izango da. Lehena 1996an argitaratu zen, eta orain aurkeztuko denaren aurrekoa, 2006an. Hala, bada, Elhuyar Hiztegia, Elhuyar Hiztegi Txikia eta Elhuyar Oinarrizko Hiztegia lanen edizio berri hauek azken urteotan euskararen zein gaztelaniaren lexikoan izan diren berrikuntzak jasotzen dituzte.
Beste alde batetik, eta hiztegigintzan bide berri bati ekin nahian, Elhuyarren hiztegi elebidun guztiak jasotzen dituen Elhuyar Hiztegiak webgunea jarriko du sarean. Webgune horretan, Elhuyar hiztegietan doako kontsulta egiteaz gain, zerbitzu berriak aurkituko dituzte erabiltzaileek.
Aurkezpenak urriaren 10ean izango dira, goizeko 11:30ean, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Aurkezpenean, Leire Cancio Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak eta Antton Gurrutxaga Elhuyar Hiztegiaren zuzendari teknikoak parte hartuko dute.