Emakundek salerosketa edo sexu esplotazioaren biktima izendatuko ditu GKEek detektatzen dituzten emakumeak

Elgarresta eta Melgosa EAEko Emakumeen eta Nesken Salerosketa edota Sexu Esplotazioaren aurkako Mahaiarekin
EMAKUNDE
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 16 mayo 2023 13:12

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak salerosketa edota sexu esplotazioaren biktima izendatuko ditu gobernuz kanpoko erakundeek (GKE) detektatzen dituzten emakumeak.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak bilera egin dute astearte honetan EAEko Emakumeen eta Nesken Salerosketa edota Sexu Esplotazioaren aurkako Mahaia osatzen duten GKEekin, erkidegoan salerosketaren biktimak halakotzat nola akreditatuko diren jakinarazteko.

Caritas, CEAR Euskadi, Munduko Medikuak, Hiesaren aurkako Batzordea, Gurutze Gorria, Gizarterako, Askabide, Oblatas, Save The Children, Arrats eta Accem dira bilkuran izan diren GKEak.

Hala, sexu esplotaziorako salerosketaren biktima izendatzeko prozedurak bi fase izango ditu: lehenik, GKE espezializatuek detekzio txosten bat egingo dute, eta ondoren, erakunde egiaztatzaile batek, kasu honetan Emakundek, administrazio egiaztapeneko dokumentu bat emango du.

Egiaztagiri horrek aukera emango dio biktimari indarrean dagoen legediaren arabera aurreikusitako eta araututako baliabideak eta zerbitzuak eskuratzeko. Horrela, biktimak eskubidea izango du, Gizakien Salerosketaren aurkako Europako Kontseiluaren hitzarmenaren 12. artikuluarekin bat etorriz, ostatu egoki eta segurua, larrialdietako tratamendu medikoa, laguntza psikologikoa, laguntza juridikoa, dituen eskubideei buruzko aholkularitza bere hizkuntzan, itzulpen zerbitzua eta adingabeentzako hezkuntzarako sarbidea izateko.

GKEek badituzte biktimak identifikatzeko adierazle batzuk, nazioarteko estandarretan, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren gomendioetan eta GKEek EAEko Emakumeen eta Neskatoen Salerosketaren edota Sexu Esplotazioaren aurkako Mahaiaren esparruan duten esperientzian oinarrituta.

Mahai hori Emakundek sustatu eta koordinatzen du 2013tik, eta bere esparruan sustatu da profesionalen prestakuntza ere. Iaz, adibidez, salerosketaren arloko berariazko prestakuntza saioak egin ziren atzerritartasunaren eta genero indarkeriaren txandako profesionalentzat, eta 150 baino gehiagok parte hartu zuten.

Egoeraren azterketa ere bultzatu du mahaiak. Hala, Carmen Meneses irakasleak haren enkarguz egindako txostenean nabarmentzen da salerosketaren biktima diren emakumeen kopuru zehatza jakitea zaila dela hainbat arrazoirengatik, nahiz eta, ikerketaren arabera, prostituzio testuinguruetan dauden pertsonen %10 eta %15 artean izan daitekeela.

Contenido patrocinado