Energia komunitateen arteko sareei buruzko topaketa antolatu du Udalbiltzak ekainaren 15ean Legorretan

Topaketaren kartela
UDALBILTZA
Publicado: sábado, 25 mayo 2024 10:50

DONOSTIA, 25 May. (EUROPA PRESS) -

Udalbiltza Partzuergoak 'Energia Komunitateak: harreman sareak ehuntzen' topaketa antolatuko du ekainaren 15ean, Legorretan (Gipuzkoa). Hitzorduaren xedea izango da energia komunitateen arteko sareak ehuntzea, proiektuen arteko elkar ezagutza sustatzea eta Euskal Herri mailako harreman sare bat eraikitzeko aukera aztertzea, dagoeneko abian dauden energia komunitateei euren garapenean laguntzeko bidean.

Udalbiltzatik jakinarazi dutenez, ekaineko saioa beste mugarri bat izango da iaz abiatu zen ibilbidean. Izan ere, 2023ko martxoan Udalbiltzak Antzuolako energia foroa antolatu zuen, eta saio horietatik ateratako ondorioetako bat izan zen sare hori eraikitzeko beharrak identifikatzen hastea.

Adituen arabera, energia komunitate batean zailena aurrera egitea da. Horregatik, oztopo eta erronka potentzialei komunean erantzuteko helburuarekin eta elkarrengandik ikasi eta elkar indartzeko helburuarekin antolatu ditu Udalbiltza Partzuergoak Legorretako topaketak.

Gainera, Udalbiltzak norabidea eta barne antolaketa aldatu ditu berriki, eta lau oinarriren gainean eraiki da; herri jasangarriak sustatzea da horietako bat. Bide horretan pausuak emateko asmoz, energiaren inguruko lanketan aritu da, eta ekainean izango da ikasitakoa elkarbanatzeko lehen parada.

EGITARAUA

Beraz, ekainaren 15ean goiz osoan zehar izango da zer entzun eta zer esan Legorretan. Horrela, 09:00etan hasiko dira ekintzak Herri Aretoan, Legorretako alkatearen ongietorriarekin. Ondoren, Hitzar Energia Komunitateak hartuko du hitza, bere proiektua aurkezteko.

Topaketak energia komunitateen arteko harreman sareak ehuntzea izango du helburu, eta horixe bera izango du hizpide Udalbiltza Partzuergoko lehendakariak. Ostean, Euskal Herriko errealitate ezberdinak aurkeztuko dira. Batetik, Debagoienan sortutako Ernamuina taldeak hartuko du hitza, Bizkaiko eta Gipuzkoako energia komunitateak biltzen dituenak, eta bestetik, Ipar Euskal Herriko lanketak aurkeztuko ditu I-ENEReko ordezkariak.

Segidan, Nafarroako energia komunitateek azken urteotan egin duten ibilbidea aurkeztuko du Nafarroako Gobernuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko ordezkariak. Azkenik, Catalunyako SOM Comunitat sarea ezagutzeko aukera izango da, bertako ordezkari baten, Goienerren eta Garesbide Energia komunitatearen eskutik.

Atsedenaldiaren ostean, ekintzarako unea izango da: 'Goazen sarea eraikitzera' talde dinamikaren bidez, ezagutzak eta esperientziak elkarbanatzeko eta sarea ehuntzen hastea parada izango da, Artelanen eta Arankoa Abokatuen gidaritzapean. Topaketa amaitzeko, Enerkide proiektua gertutik ezagutzeko aukera izango da.

Contador