Eroskik 25 milioi euro baino gehiago bideratu ditu xede sozialetara 2025ean

Archivo - Eroskik 25 milioi euro baino gehiago bideratu ditu xede sozialetara 2025ean
MITXI MIGUEL CALVO ALEJO - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 20 febrero 2026 15:44

BILBO 20 (EUROPA PRESS)

Eroski Taldeak 25 milioi euro baino gehiago bideratu ditu helburu sozialetara 2025. urtean, eta 280.000 lagunek baino gehiagok jaso dute horren onura, 332 gizarte erakunde eta erakunde publikoren kolaborazioaren bitartez. Kopuru horien barne, taldeak berak egindako ekarpenak daude, eta, horrekin batera, bere bezeroenak eta erakundeenak.

Eroskiren arabera, "horrek erakusten du noraino heltzen den Eroskiren Elkartasun Plana, denborarekin sendotu egin den ekimena eta urte osoan kooperatibaren eta bezeroen elkartasunezko inplikazioa bideratzen duena".

"Konpromiso soziala Eroskiren nortasunaren parte da sorburutik, kontsumitzaile kooperatiba bat garenez gero. Balantze horrek beste behin erakusten du enpresa eta bezeroak eskutik hartuta doazenean egiazko onura egin diezaioketela gizarteari. Horregatik, esker bereziak eman nahi dizkiegu gure bezeroei beren inplikazioagatik, haien elkartasunak ahalbidetzen baitu ekimenok urtero milaka lagunengana iristea", adierazi du Alejandro Martinez Berriochoa Eroskiko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendari eta Eroski Fundazioko zuzendari nagusiak.

Orobat, eskerrak eman dizkie hirugarren sektoreko erakundeei eta administrazio publikoari, "haien laguntza asistentzialak jende zaurgarriengana era integratzailean bideratzeko guregan jartzen duten konfiantzagatik".

ELKARTASUN PLANA

Eroskiren Elkartasun Planak askotariko ekimenak bateratzen ditu, modua ematen dutenak kolektibo zaurgarrien beharrei modu jarraituan erantzuteko. Horien artean, nabarmentzekoak dira elikagaiak biltzeko kanpainak, Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioaren eta tokiko beste gizarte erakunde batzuen kolaborazioarekin garatzen direnak.

2025ean, kanpaina horiei esker, 2.300 tona janari eta higiene produktu baino gehiago eman ahal izan dira dohaintzan, hau da, bederatzi milioi otordu baino gehiago, 2.500 familiari baino gehiagori laguntzeko bideratuak.

Kanpaina horietatik kanpo, Zero Hondakin programa dago. Horren bitartez, Eroskik produktu freskoak eta elikagaiak ematen ditu dohaintzan. Produktu horiek kendu egiten dira salmentatik freskotasun irizpideengatik edo ontzietan izaten diren akats txikiengatik, betiere iraungitze data edo kontsumo data gomendatua bete baino lehen eta kontsumitzeko ezin hobeto daudela. Iaz, programa horri esker, lortu zen alferrik ez galtzea 65 milioi janari baino gehiago, ehundik gora gizarte erakunderen bitartez bideratuta.

Horrekin batera, Elkartasun Zentimoen programa da bezeroen zuzeneko partaidetzarako tresna nagusietako bat. Erosteko orduan egiten diren borondatezko ekarpen txikien bitartez, 2025ean, 1,3 milioi euro baino gehiago bildu ziren. Bederatzi milioi pasa dohaintza egin zituzten, eta zenbait proiektu sozialetarako bideratu ziren, eta ekarpen horiei esker, 61 gizarte erakunderen zeregina babestu da eta zuzenean 9.000 lagun inguruk jaso dute onura.

2026

Eroskik 2026an landuko dituen kausa sozialak zehaztu ditu prozesu parte hartzaile baten bidez. Prozesuan, 6.500 lagunek baino gehiagok parte hartu dute, horien artean, bezeroak, langileak eta oro har herritarrak. Hautatu diren kausek aukera emango dute haurrengan, osasunean eta gaixotasunen aurkako borrokan zentratzen diren proiektuei laguntzeko, baita ere, adinekoei eta modu zaurgarrian bizi direnei lagun egiteko (hala nola elbarriak eta indarkeriaren biktimak) eta ingurumena babesteko.

Horrela, gizartean dauden egiazko kezkekin lerrokatuta joango da ekintza soziala. "Prozesu parte hartzaile hori giltzarria da guretzat, zeren eta modua ematen digu gure elkartasun ekintza bideratzeko gizarteak lehenesten dituen kausetara; alde horretatik, etengabe gaude harremanetan interes taldeekin", gaineratu du Martinez Berriochoak.

Eroskiren Elkartasun Plana bere eredu kooperatiboaren parte da, eta bera inguratzen duen gizartea garatzeko konpromisoaren parte. Programa horren bidez, bere eginkizuna sendotzen du kooperatibak eragile aktibo gisa gizarte justu, kohesionatu eta solidario bat eraikitzeko bidean, eta gizarte ekintza bere jardueraren egiturazko ardatz gisa txertaturik.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado