Esloveniako ordezkaritza instituzional batek interesa azaldu du EAEk kudeatzen dituen gizarte politiken inguruan

Esloveniako eta Jaurlaritzako ordezkariak.
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 25 septiembre 2023 11:20

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Esloveniako instituzioetako ordezkaritza batek bilera bat egin du astelehen honetan Bilbon Eusko Jaurlaritzako Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak Saileko zuzendaritza taldearekin, iraupen luzeko zainketa, adineko, familia eta haurren arreta eta gizarte zerbitzuak Euskadin nola kudeatzen diren jakiteko.

Besteak beste, Irena Kralj Dolenjska-Bela Krajinako gizarte zerbitzuetako zuzendaria, Kristina Zadel Skrabolje Primorsko-Notranjskako zuzendaria, Tjasa Rodman Juagna Primorskakoa, Patricija Moze Severna Primorskakoa, Olga Bezensek Lalic Celjekoa, Rok Zupanc Zasavjekoa, Sandra Babic Pomurjekoa, Tatjana Milavec Esloveniako Gizarte Zerbitzuen Elkarteko idazkari nagusia eta Miran Kerin Spodnje Podravjeko zuzendaria eta nazioarteko lankidetzaren arduraduna izan diar bileran.

Euskadiko Artxibo Historikoko ekitaldi aretoan izan da bileran. Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiken sailburuordeak agurtu du Esloveniako ordezkaritza, eta "Euskadikoa bezalako autonomia maila handia izatea Europar Batasunaren barruan gizarte politika propioak eta aurreratuak garatzeko aukera" dela nabarmendu du.

"Euskal Autonomia Erkidegoan sentsibilitate berezia dugu gizarte zerbitzuekin zerikusia duten gai guztiekiko. Gure biztanleria Esloveniakoaren antzekoa da, 2,2 milioi biztanle. Gure gobernuaren izaera humanista eta solidarioa da pertsona guztiekiko. Gehien behar dutenekiko. Eskubide Sozialen Europako Zutabearen aldeko gure apustua irmoa da. Bruselatik sortzen diren politika eta zuzentarauekin bat gatoz", azpimarratu du Amilibiak.

Gizarte Politiketako sailburuordearen arabera, "gure autonomia politikoari esker, ekimen eta ekintza asko sustatzen ditugu, betiere Europako Batzordeak ezarritako ildotik. Gure ekintzetako asko aurreratuenak eta aitzindarienak dira. Guztion artean egiten ari garen Europa berri honek garrantzitsuena pertsonak direla dioen printzipioan oinarritu behar du. Denok bat gatoz horrekin".

Amilibiarekin batera, Familia eta Haurtzaroko eta Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Irune Muguruzak eta Marian Olabarrietak parte hartu dute, baita Justiziako zuzendari Eugenio Artetxek eta Emilio Sola aholkulariak ere.

FAMILIAK

Muguruzak Familien eta Haurren aldeko Euskal Itunaren eta Seme-alabengatiko Laguntzen Programaren aplikazioa zehaztu du. Programa hori aurten abiatu da, eta hiru urtera arteko seme-alaba bakoitzeko 200 euroko hileko txekea aurreikusten du, gehi 100 euro hileko, hirugarren seme-alabatik aurrera hiru eta zazpi urte bitarteko adingabe bakoitzeko.

"Ondorengoek %33ko edo gehiagoko desgaitasuna badute edo mendetasun aitortua badute, bi zenbateko horiek bikoiztu egingo dira, 400 eta 200 euroraino hilean, hurrenez hurren", Esloveniako ordezkaritzari adierazi dionez.

Ildo horretan, Esloveniako ordezkariek interesa agertu dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kenkarietan, bi gurasoentzako amatasun eta aitatasun bajetan, edoskitzeagatiko baimen ordainduan, familia ugari, guraso bakarreko familia edo guraso desgaituentzako prestazioetan edo haurrentzako osagarrietan.

Esloveniarentzat interesgarriak diren EAEko gizarte politiken beste alderdi batzuren artean izan dira seme-alaben eta familien ongizatea, familia harrera, tutoretza, adingabearen izapide juridikoa onartzea, familia barruko indarkeria kasuetan prebentzioa eta esku hartzea, amatasun eta aitatasun lizentziak eta prestazioa, helduentzako eta familientzako gizarte laguntza ekonomikoa, familiei etxean laguntzea edo etxeko zaintza edo laguntza pertsonala, besteak beste.

Miran Kerin Spodnje Podravjeko Gizarte Politiken bulegoko zuzendariak interesa azaldu du Emilio Solak gizarte zaintzaileei buruz emandako azalpenen ingurua. "Gure bizitzako uneren batean, pertsona guztiak zainduak izan gara, zainduak izango gara eta beste pertsona batzuk zaindu beharko ditugu", adierazi du Solak.

"Nahi ez den bakardadeari arreta ematea gizarte zaintzaileen erronka da. Pertsona guztien integrazio eta inplikazio komunitarioa hobetzeak kohesioa eta belaunaldien arteko elkartasuna areagotzen ditu. Etxean zahartzea da zahartzen diren pertsonen gehiengo zabalaren lehentasuna, iraupen luzeko zainketa behar dutenak barne", esan du.

ESLOVENIA

Eslovenia errepublika demokratiko parlamentarioa da, eta gobernuburua -lehen ministroa- eta estatuburua -presidentea- ditu. Parlamentuak aukeratzen ditu lehen ministroa eta ministroak. Esloveniak ez du eskualde edo autonomiarik, eta 212 udalerritan banatuta dago. Egungo Eslovenia 1991ko ekainaren 25ean sortu zen, Jugoslaviatik independizatu zenean.

2020an, industria (%27,2), handizkako eta txikizkako merkataritza, garraioa, ostalaritza eta jatetxeak (%19,1) eta administrazio publikoa, defentsa, hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak (%18,1) izan ziren Esloveniako ekonomiaren sektore garrantzitsuenak.

Europa Batasuneko barruko merkataritza Esloveniako esportazioen %67 da (Alemania %17, Italia %9 eta Kroazia %7), eta EBtik kanpoko merkataritza, berriz, Suitzan (%10) eta Serbian (%3) biltzen da nagusiki. Inportazioei dagokienez, %59 EBko herrialdeetatik datoz (Alemania %14, Italia %10 eta Austria %8), eta EBtik kanpokoak, berriz, Turkiatik eta Txinatik (%6na). Esloveniako biztanleria 2.100.000 pertsonakoa da, EAEren antzekoa.

Bi ordezkaritzak bat etorri dira Europar Batasuneko kide izateak erkidegoko zuzentarauen eskualde mailako aplikazio komunak garatzeko ematen duen aukerarekin.

Contenido patrocinado