EUSKADI.-Euskalmeten astebururako eguraldiaren iragarpena

Actualizado 2010/01/22 15:02:18 CET

BILBO, 22 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar giro goibela espero da eta euria egingo du, baina gutxi. Goizean egiten duen apurretan euri txikia izango da eta hainbat eta hainbat lekutan ateri eutsiko dio.

Eguerditik aurrera euria sarriago egingo du, baina hala ere ez da litro asko pilatzea espero, izan ere hego-haizearen eraginpean egongo gara. Tenperatura minimoek gorantz egiteko joera edukiko dute eta ez du izotzik egingo, baina maximoak freskoagoak izango dira.

Itsasoan hego-osagaiko haizea ibiliko da, 3ko indarrarekin, eta egunaren bigarren partean zakartu eta 4ko indarra hartuko du. Lehenengo bi milietan itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du, eta gainontzekoetan itsaskirria edo itsaskia. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5-2 metroko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 12 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da. Itsasgorak 8:17an eta 20:51n izango dira, eta itsasbeherak, 2:05ean eta 14:24an.

IGANDEA

Igandean, aurreko egunetan hego-haizea ibili ostean, egunsentian haizea iparraldera aldatuko da eta eguraldiak txarrera egingo du nabarmen. Zerua estalia geratuko da eta euria bazter guztietara iritsiko da; Kantauri isurialdeko zenbait lekutan barra-barra egingo du.

Tenperatura jaitsi egingo da eta elur-kota ere bai. Goizean goiz 1.500 metrora egongo da eta gero behera egingo du, azken orduetan 1.000 metro ingurura.

Itsasoan, goizaldean haizea aldakor ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, eta mendebal-osagaia gailenduko da. Gainontzeko orduetan ipar-osagaiko haizea ibiliko da, 4ko indarrarekin. Itsaskirria eragingo du, eta orduak pasa ahala itsaskia. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5 metroko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 12 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro artekoa izango da. Itsasgorak 9:15ean eta 21:54an izango dira, eta itsasbeherak, 2:59an eta 15:26an.