Euskadik eta Valonia-Bruselak lankidetzarako aukera berriak aztertu dituzte zientziaren eta unibertsitatearen arloetan

Euskadik eta Valonia-Bruselak lankidetzarako aukera berriak aztertu dituzte zientziaren eta unibertsitatearen arloetan
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 19 noviembre 2026 16:00

BILBO 19 (EUROPA PRESS)

Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurelaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua eta Maxime Couvreur Valonia-Bruselak Espainiako Estatuan duen ordezkari nagusia bildu dira ostegun honetan Bilbon, bi gobernuek zientziaren eta unibertsitatearen arloetan dituzten lehentasunak aztertzeko eta lankidetzarako balizko bideak identifikatzeko.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, bileran, bi ordezkaritzek beren zientzia eta unibertsitate politikei buruzko ikuspegiak partekatu dituzte, eta etorkizunean elkarlanean aritzeko aukera eman dezaketen interes komuneko arloak aztertu.

Unibertsitatearen esparruan, graduondoko ikasleen trukea izan dute hizpide, baita Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatu nahi duen Ikasketa Aurreratuen Zentroak truke horietan izan dezakeen eginkizuna ere.

Zientziaren eta berrikuntzaren arloan, berriz, 'IKUR' eta 'Faros de Innovación' estrategiak partekatu dituzte, eta arreta berezia jarri dute zenbait esparrutan, hala nola material berrietan, elikadura jasangarri eta osasungarrian, teknologia kuantikoetan eta bioteknologian. Era berean, doktorego aurreko eta ondoko ikertzaileen prestakuntza eta mugikortasun programak ere jorratu dituzte.

Perez Iglesias eta Couvreurrekin batera, Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea, Xabier Aizpurua Zientzia Politikarako sailburuordea, Arola Urdangarin Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako Idazkaritza Nagusiko aholkularia eta Sixtine Desrousseaux de Medrano Valonia-Bruselako Ordezkaritza Nagusiko aholkulari zientifiko eta akademikoa izan dira bileran.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado