Euskadiko ekonomia %1,3 hazi da urte artean 2014ko hirugarren hiruhilekoan

Enplegua %0,5 hazi da urte artean, bost urtez jarraian hiruhilero jaitsierak izan ondoren

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 14 noviembre 2014 11:09
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

   BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina (BPG) %1,3 hazi da 2014ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, Eustatek gaur emandako datuen arabera.

   Bederatzi aldiz urte arteko tasa negatiboak izan ondoren, hirugarren datu positiboa da. Hala ere, urte arteko hazkundea Espainiako ekonomiarena (%1,6) baino hiru hamarren txikiagoa izan da.

   Halaber, BPGren hazkunde tasa %0,4 izan da 2014ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoaren aldean, bigarren hiruhilekoan bezala, eta Espainiako ekonomiarena (%0,5) baino hamarren bat txikiagoa.

   Eskaintzaren ikuspegitik, BPGren urte arteko hazkundea lau sektore handien bilakaera ezberdinen konbinazioaren emaitza da. Lehen sektorea eta Eraikuntza, 2014ko hiruhileko guztietan bezala, atzeraka egin dute jarduera mailetan, eta Industriak eta Zerbitzuek aldakuntza positiboak izan dituzte balio erantsietan.

   Lehen sektoreak urte arteko %13,2ko jaitsiera izan du. Industria, hirugarren hiruhilekoan, %1,4 hazi da, bigarrenean baino bost hamarren gehiago urte artean, eta hirugarren hiruhilekoa da jarraian urte arteko hazkunde tasa positiboekin. Urte arteko hau hiruhilekoen arteko bederatzi hamarrenen hazkundean gauzatu da, bigarren hiruhilekoan baino sei gehiago.

   Eraikuntzak berriro izan du urte arteko tasa negatiboa, %-2,0koa, aurreko hiruhilekoan baino bost hamarren negatiboagoa, eta aurreko hiruhilekoaren aldean %0,5 jaitsi da. Zerbitzuetan urte arteko %1,7ko eta hiruhileko arteko %0,4ko hazkundeak izan dira.

   Administrazio Publiko, Hezkuntza, Osasungintza eta Gizarte zerbitzuen adarra %2,5 hazi da urte artean, eta Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioa %1,6. Gainerako zerbitzuak (besteak artean, jarduera profesionalak, finantzak eta aseguruak) %1,3 igo dira.

   Hiruhileko artean, azpisektore guztiak hazi dira. Administrazio Publiko, Hezkuntza, Osasungintza eta Gizarte zerbitzuak dira berriz ere hiruhileko arteko gehien hazi direnak, %0,6. Gainerako zerbitzuak %0,3 hazi dira, Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioa bezala.

   Sektore agregatuen joerak balio erantsiaren urte arteko bilakaera positiboa ekarri du, %1,3, 2014an zehar izandako positibotasunari eutsiz. Datua sei hamarren hobea da aurreko hiruhileko urte artekoa baino. Hiruhilekoen artean eta laugarren hiruhilekoz jarraian hazkundea izan da, %0,4koa.

   Eskariaren aldetik, barne eskariaren bilakaera positiboa nolabait sendotu da, %1,4 igoz, azken kontsumoaren hobekuntzan eta kapital eraketa gordinaren jaitsieraren apaltzean oinarrituta. Barne eskariaren datu positibo honi kontra egin dio kanpo merkataritzaren bilakaera apalagoak, BPGren murrizte arina ekarri baitu. Inportazioak pittin bat hazi dira, eta gutxixeago esportazioak.

KONTSUMOA

   Familia etxeetako azken kontsumoaren gastuak, hau da, Kontsumo Pribatuak, urteko lehen hiruhileko bilakaera positiboa sendotu du, eta %2,2ko hazkundea izan duu hirugarren hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuz gero, zortzi hamarren gehiago. Hiruhileko arteko tasa (%0,6) bigarren hiruhilekoan baino sei hamarren txikiagoa izan da.

   Kontsumo Publikoa (Administrazio publikoen azken kontsumoko gastua) %0,1 jaitsi da urte artean, aurreko hiruhilekoan baino bederatzi hamarren gutxiago, eta horrek hiruhilekoen arteko %1,3ko jaitsiera dakar.

   Horrela, Azken Kontsumoko Gastua (Administrazio publikoen azken kontsumoko gastua eta Familia etxeetakoa) %1,7 gehitu da, eta, aurreko hiruhilekoaren aldean, %0,2ko hazkundea izan da.

   Bestalde, Kapital Eraketa Gordinak (inbertsioak) %0,0ko tasa du urte arteko hazkundean, hiruhileko arteko %0,8ko tasa positiboa ekarriz. Berriz ere, inbertsioaren jokaera bi bilakaera kontrajarritan oinarritu da: ekipo ondasunetan eginiko inbertsioa %2,9 hazi da urte artean eta %2,4 hiruhileko artean, eta Kapital Eraketa Gordinaren gainerakoak -Eraikuntzarekin lotuagoak- tasa negatiboa du urte artean (%-1,2), eta positiboa hiruhileko artean (%0,1).

   Barne eskaria, Azken Kontsumoko Gastuak eta Kapital Eraketa Gordinak osatzen dutena, %1,4 gehitu da urte artean, hau da, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gehiago.

   Bestalde, kanpo sektoreak zertxobait beheraka ekarri du BPG, berriz ere. Horrela, esportazioak %2,5 gehitu dira, eta inportazioak pittin bat gehiago.

ENPLEGUA

   Halaber, 2014ko hirugarren hiruhilekoan, enplegua (dedikazio osoko baliokidetzan neurtuta) %0,5 hazi da urte artean, bost urtez jarraian hiruhilero jaitsi ondoren. Bigarren hiruhilekoaren aldean %0,1eko hazkundea dakar urte arteko tasak. Enplegu tasa positiboak dituen bigarren hiruhileko jarraian da, bai urte artean, bai hiruhileko artean.

   Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, enplegua jaitsi egin da Industrian eta Eraikuntzan, baina beste bi sektoreetan ez. Horrela, Zerbitzuetan %1,3 hazi da enplegua urte artean, tasa positiboak dituen hirugarren hiruhilekoa jarraian izanik, eta Lehen sektorean %1,2 hazi da. Urte arteko jaitsierarik handiena Eraikuntzan izan da berriz, %1,7koa, eta Industrian %1,4 jaitsi da.

   Hiruhileko artean, Industriaren enpleguak %0,1eko tasa positiboa du, Eraikuntzak %0,4koa (biak aurreneko aldiz aspaldiko partez) eta Zerbitzuek %0,1ekoa. Lehen sektorean, aldiz, enpleguak %0,7ko galera izan du.

   Azkenik, lurraldeka, urte artean, Barne Produktu Gordina %1,4 hazi da Gipuzkoan, %1,2 Bizkaian eta %1,1 Araban, eta hiruhileko artean, aldiz, Arabak %0,4ko tasa positiboa du, Bizkaiak %0,4koa eta Gipuzkoak %0,5ekoa.

Contenido patrocinado