Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalerako sarrerak agortu dira

Archivo - Nafarroa Arenaren kanpoaldea
EUROPA PRESS - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 28 octubre 2026 11:52

BILBO 28 (EUROPA PRESS)

Iruñeko Nafarroa Arenan abenduaren 20an jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa pabiloian bertan ikusteko sarrera guztiak agortu dira jada. Edonola ere, finala etxetik jarraitzeko aukera anitz egongo da, baita bertsoarekin beste hamaika plazetan gozatzekoa ere, Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez.

Herrialdeetako txapelketekin hasi zen bidea: Gipuzkoatik Xilabara, handik Nafarroara, Bizkaira eta, bukatzeko, Arabara. Herrialdez herrialde pasa ostean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa heldu zen, eta irailaren 19an izan zen lehen saioa, Hazparnen (Lapurdi). Ordutik gelditu gabe ari da, asteburuz asteburu, herriz herri.

"Jendetza biltzen da txapelketako saioetan. Hala izan da orain arte, eta itxura guztien arabera, hala izango da aurrerantzean ere. Finalekoak, esaterako, dagoeneko amaitu dira", adierazi dute.

Horrela, herriz herri, batez beste 750 lagun bildu dira txapelketako lehenbiziko faseko saio guztietan, eta finalerdiak ere, "bertsozale kopuruz, itxura ederra hartzen ari dira".

"Geroz eta bertsozale gehiago gara. Eta horrela joan gara hazten, ahalik eta bertsozale gehienei bertsoarekin eta txapelketarekin gozatzeko plazak eskainiz. Hau, bat gehiago da. Eta bai, beteko dugu Nafarroa Arena; baina, garrantzitsuena, gutako bakoitza betzea da. Bertsoaz goza dezagun abenduaren 20ra bitarte, baita ostean ere, horretarako astero astero eta herriz herri hamaika aukera baitaude", nabarmendu dute.

Oraindik salgai daude finalaurrekoetako sarrerak, horiek ez baitira amaitu, eta bertsosarrerak.eus webgunean erosi daitezke. Finaleko sarrerak bukatu direnez, online salmenta itxi egin da eta egunean bertan ez da txarteldegirik irekiko.

AUTOBUSAK ETA BAZKARIAK

Finalera joateko autobusetako txartelak eta bazkarietakoak salgai daude oraindik, eta bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke. Antolakuntzak autobusez joateko eta garraio publikoa erabiltzelo deia egin du, auto pilaketak ekiditeko eta finala ahalik eta jasangarriena izateko. Horregatik, Aizpurua Autobusak taldearekin lankidetzan antolatu dira lineak.

Sarrera erosterakoan abiapuntua markatu beharko da, eta edozein tokitatik abiatuta ere 20 euro balio du txartelak. Autobusak 10:00ak aldera iristea aurreikusi da. Nafarroako lineen kasuan, bertsosarrerak webgunetik kanpo webgune batera bideratuko da eroslea. Abenduaren 14an argitaratuko da webgunean abiapuntu bakoitzaren ordutegia.

Bazkariei dagokienez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kirol instalazioetan eskainiko dira. Bi aukera eskainiko ditu Bertsozale Elkarteak: jatordu azkarra pabilioian eskainiko da, 18 euroren truke, eta eserita bazkaltzeko aukera frontoian izango da, 30 euroren truke. Bietan egongo da aukera haragijalea zein beganoa, eta denak dira Euskal Herriko produktuekin osatutakoak.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado