Euskal Herriko sortzaileen balioa eta ekarpena aitortuko ditu 61. Durangoko Azokak

Andoni Beristainek egin duen 61. Azokaren iruditeria aurkeztu dute
DURANGOKO AZOKA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 28 octubre 2026 13:22

BILBO 28 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko sortzaileen balioa eta ekarpena aitortuko ditu 61. Durangoko Azokak abenduaren 4tik 8ra bitartean, eta euskal kulturan murgiltzeko gonbita egingo die kulturzale berriei, haren aberastasuna, osotasuna eta aniztasuna ezagutzeko aukera eskainiz.

Andoni Beristain zumarragarrak egin duen 61. Azokaren iruditeria aurkeztu dute asteazken honetan Durangoko Landako Gunean. Bertan, Gerediaga elkarteko eta azokaren guneetako arduradunez gain, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak ere egon dira: Durangoko Udala, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, BBK, Eroski, Euskaltel, Konfekoop eta EITB.

Hilabeteak daramatzate antolakuntzan abenduko bost egunak prestatzen, euskarazko eta Euskal Herriko kulturaren inguruan milaka lagun elkartzeko helburuarekin. Liburuak, diskoak, irudiak, hitzak, doinuak eta ideiak partekatzeko gunea izango da aurten ere azoka, baina, batez ere, kultura bizitzeko eta hartaz gozatzeko topagunea.

Iaz, 60. edizioaren harira, Durangoko Azokak bere izaera laburbiltzen duen izendapena hartu zuela gogorarazi du Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak: DA! Kulturaren Jaialdia. Aurten ere, lerroburu horri eutsiko dio. "Azoka kulturaren jaialdia da, askotariko kultur adierazpideak eta diziplinak biltzen dituelako, sortzaileak eta hartzaileak harremanetan jartzen dituelako eta urtez urte euskarazko eta Euskal Herriko kulturaren sustatzaile izaten jarraitzen duelako", adierazi du.

Aurten, gainera, sorkuntzaren balioa eta sortzaileen lana nabarmendu nahi izan dituzte antolatzaileek, eta ideia horretatik abiatu da 61. edizioko iruditeria, "kulturaren aniztasuna eta sorkuntzaren atzean dagoen lana irudikatzeko".

Gaztelurrutiaren arabera, sorkuntzaren aberastasuna ez dago soilik eskaintzen diren diziplina eta proposamenen aniztasunean; horien atzean dagoen lanean ere badago. "Sortzea ez da berezko bulkada hutsa: irudimena behar da, baina baita formakuntza, lana, arreta eta iraunkortasuna ere", azaldu du, eta horregatik, Durangoko Azokak sortzaileen ekarpena aitortu eta ikusgarri egin nahi du.

Era berean, Gaztelurrutiak euskal kulturara gerturatzen ari diren kulturzale berrien interesa azpimarratu du: "Durangoko Azokak norbere nortasun kulturala bizitzeko, ospatzeko eta garatzeko aukera ematen die herritarrei. Azken boladan pozez ikusi ditugu euskarazko zenbait sortzaileren ekoizpen arrakastatsuak, euskal kulturara hurbiltzen ari diren kulturzale askoren arreta piztu dutenak".

"Nahi genuke piztutako jakin-minak bidea egiten jarraitzea. Euskal kultura bere osotasunean eta aniztasunean ezagutu nahi duten guztiek Durangon ateak zabalik aurkituko dituzte: etorri, sartu barruraino, arakatu, bilatu eta ezagutu zuena den mundu miragarri hau", adierazi du.

IRUDITERIA

Andoni Beristain diseinatzaile, argazkilari eta arte zuzendariak sortu du Durangoko Azokaren 61. edizioko iruditeria. Proposamena bi ideiatik abiatu da: euskal kulturaren aberastasunetik eta sorkuntza analogikoaren balioa aldarrikatzetik. Horretarako, kulturaren arlo desberdinetan erabiltzen diren objektuak jarri ditu irudien erdigunean, bodegoi desberdinen bidez diziplina eta sortzaile guztiei lekua egiteko. "Durangoko Azoka denena da, denontzat da, eta bertan daukagu eskuragarri guztia", adierazi du.

Beristainek azaldu duenez, objektuekin lan egitea gustuko du, kontzeptuak eta mezuak haien bidez kontatzeko aukera ematen diotelako. Iruditerian ageri diren objektuek, besteak beste, -irratiko mikrofonoa, margolarien paleta, kamera analogikoa, idazmakina, walkmana eta kasetea, kulturaren arlo desberdinen bilakaera erakusten dute.

"Asmoa aspaldiko sorkuntza moduak eta horretarako erabiltzen ziren tresnak aldarrikatzea izan da. Izan ere, teknologia berriak iritsi ahala tresna horietako asko desagertuko zirela uste izan zen, baina gaur egun ere bizirik diraute, eta batzuek indarrez berreskuratu dute beren lekua", adierazi du.

Iruditeriaren koloreek eta testurek ere badute beren funtzioa, Andoni Beristainek "giro goxo eta gertukoa" sortu nahi izan baitu, etxeko moketaren antzeko atzealde baten bidez. Horrela, objektuak eta haien bidez helarazi nahi dituen mezuak "modu hurbil eta bisualean" aurkeztu nahi izan ditu. Aurtengo proposamenak, beraz, Durangoko Azokaren aniztasuna erakusteaz gain, sorkuntzaren atzean dagoen giza-lana aldarrikatzen du.

ANDONI BERISTAIN

Andoni Beristain diseinatzailea, argazkilaria eta arte zuzendaria da. Zumarragan (Gipuzkoa) jaioa, 18 urterekin Bartzelonara joan zen diseinu grafikoa ikastera. Ikasketetan argazkigintza deskubritu zuen, eta, pixkanaka, bere ibilbide profesionala eraikitzen joan zen. Bartzelonan arte zuzendari gisa lan egin zuen bi enpresetan eta sei urtez eskolak eman zituen unibertsitatean.

Duela bost urte Donostiara etorri zen bizitzera, eta ordutik bere estudioan egiten du lan, argazkigintzan, diseinuan eta arte zuzendaritzan. Bere lana koloretsua eta minimalista da, surrealismo-puntu batekin. Irudi xumeen bidez gogoeta eragitea du gustuko.

Bere proiektu pertsonalen artean daude 'Pieza Redonda', gorputz ez-normatiboei buruzkoa, 'Pieza Rota', minbiziaren inguruko estigmari buruzkoa, eta 'Pieza Madre', amari agur esateko sortutako argazki-liburua. Esperientzia pertsonaletatik abiatuta, gai konplexuei begirada positiboz heltzea du helburu.

Euskal Herria, euskara eta hemen bizitako esperientziak bere sormenaren sustraitzat ditu. Horregatik, Durangoko Azokaren 61. edizioko iruditeria sortzea berezia izan da berarentzat, aspaldiko ametsa betetzea baitakar: "hain maite duen herrialdeko proiektu bati bere begirada artistikoa eskaintzea".

Contador

Contenido patrocinado