Euskaltzaindiak 2026ko Mintzola ikerketa deialdia argitaratu du

Euskaltzaindiak 2026ko Mintzola ikerketa deialdia argitaratu du
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 12 marzo 2026 14:08

DONOSTIA 12 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak 2026. urteko Mintzola ikerketa deialdia argitaratu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, euskaraz egiten den ahozko jardunari (euskarazko hizkerari) buruzko ikerketa zientifikoak bultzatzeko xedearekin. Honela, 3.000 euro gordineko hiru diru laguntza esleituko dira.

Akademiak jakinarazi duenez, ikerketan, ezagutzaren transferentzian eta sustapenean dihardu Mintzolak 2022. urtetik, eta azken hiru urteotako ildoari jarraituz, ahozkotasunaren alorrean ikerketa sustatzeko deialdi berriak egin ditu Euskaltzaindiak, Mintzolaren eskutik.

Lehenengo deialdia iazko azaroan egin zen, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko hamar gradu eta master amaierako lan sarituko direla aurten, bakoitzari 1.500 euroko zenbatekoa emanda (2025ean baino bi sari gehiago).

Orain, ikerketa lanei buruzko deialdia argitaratu du Euskaltzaindiak. Honela, ikerkelan monografikoen proiektuak onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuz. Lanen proiektuak bakarka edo taldean aurkez daitezke; nolanahi ere, unibertsitate irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea maiatzaren 31ra artekoa da (hautatutako ikerkelanak eginda entregatu beharko dira 2027ko otsailaren 26a baino lehen).

Ahozko jardunari buruzko zazpi ikerketa lerro lehenetsi dira deialdi berrietan: Eguneroko hizkera: ezaugarriak; Eguneroko hizkera euskal komunitatean: corpusaren osaketa, mapak eta diagnostikoa; Gaztelera eta frantsesarekiko desoreka euskal gazteen eguneroko hizkerarako adierazkortasunean; Faktore horren eragina hizkuntza hautuan; Hezkuntza araututik eta arautu gabeko hezkuntza edo aisialdi antolatutik eguneroko hizkerarako adierazkortasun baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak; Hedabideetatik eguneroko hizkerarako baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak; Euskalkiak eta estandarra ahozko hizkeraren funtzioetan: jardunbideen azterketa eta jarraibide batzuk sortzeko oinarriak; Hitanoaren diagnostikoa eta hikako moldearen erabilera sustatzeko bideak eta tresnak.

Jakingarri guztiak www.euskaltzaindia.eus/mintzola/ikerketa/ atarian daude. Era berean, deialdiaren inguruko alderdiei buruzko galderak honako helbide elektroniko honetara bidali behar dira: mintzola@euskaltzaindia.eus. Orain arte sarituak izan diren lanak ere www.euskaltzaindia.eus/mintzola/ikerketa/ webean daude.

Contador

Contenido patrocinado