BILBO, 9 (EUROPA PRESS)
Euskaltzaindiaren Hiztegia eguneratu da sarean (www.euskaltzaindia.eus) eta 592 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, moldaketa zein berrikuntza guztiak erantsita. Hain zuzen ere, 427 sarrera eta 165 azpisarrera bildu ditu, eta 975 forma moldatu: 875 sarrera eta 100 azpisarrera.
Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik eguneratzen du urtean bitan, eta 2021eko lehen sei hilabeteetan eginiko lanaren emaitzak jaso ditu ostiral honetan sareratu den eguneratzeak.
Oraingoan, "batez ere, forma berriak dira landu direnak, corpus eguneratutik eskuratutakoak, hau da, egun dabiltzan hitzak", argitu du Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak.
Horrekin batera, garai batean baztertu ziren formak ere badaude. Urkiak azaldu duenez, "Euskaltzaindiak ez erabiltzeko esanda ere, hitz horiek bidea egin dute, jendeak erabili dituelako. Beraz, erabiltzen bada, beharra dagoen seinale izango da. Hori da ezarpena: tarteka, dabilena berrikusi eta, kasurik ez badigute egin, guk atzera egin. Gure egitekoa dabilena jasotzea baita".
Honela, azken sei hilabeteotan hiztegiari gehitu zaizkio hitzen artean daude, besteak beste, queer, nezeser, koronabirus, zaurgarritasun, nahasmendu bipolar, asanblada, trajeria, euste, birziklapen, dedio, aurri, txantxiku, ustiaketa, zupatu, telelaguntza, hitzemate, pirateatu, esanbidezko, gobernantza, telelaguntza edo heteropatriarkal.
Urkiak adierazi duen bezala, hitz berrien artean badira lehendik baztertuak zeudenak eta orain onartuak izan direnak, hala nola binario, biluztu edota eskumalde.
Azpisarrera berrien artean ere badira berrikuntzak; esaterako, arreta(-)zerbitzu, gibel gizen, malo-malo, nahasmendu bipolar, kirol(-)lege, ziztuan edo pubis(-)zorri gehitu zaizkio hiztegiari.
Gaur egun, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 49.286 forma ditu guztira (39.800 sarrera eta 9.486 azpisarrera) eta 68.181 adiera (horietatik 2.368 azpiadierak dira).