Euskara biziberritzen jarraitzeko bide berriez gogoeta egiteko mintegia uztailaren 17an, Bilbon

Actualizado 2019/07/08 14:09:52 CET
SABINO ARANA FUNDAZIOA

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak mintegi bat antolatuko dute uztailaren 17an, Bilbon, euskara biziberritzen jarraitzeko bide berriez gogoeta egiteko asmoz. Topaketa Sabino Arana Fundazioaren egoitzan izango da, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak irekiko du, eta 50 bat aditu, soziolinguista, unibertsitateko irakasle, hizkuntza politiken arduradun eta euskalgintzako ordezkarik parte hartuko dute.

Sabino Arana Fundaziotik adierazi dutenez, euskarak aurrerakada handia izan du azken hamarkadetan, eta aurrerakada horren arrazoiak ugariak eta askotarikoak izan dira, besteak beste, euskararen batasuna; askotariko elkarte eta erakundeen aldetik eginiko lan kementsua, gizartearen parte hartzea sustatuz; edota euskararen lurralde batzuetan euskarak lortu duen ezagutza, bai eta herri erakunde batzuetatik sustaturiko hizkuntza politika eraginkorrak ere.

"Egun, euskara biziberritzen jarraitzeko, gero eta zabalduago dago biziki garrantzitsua dela pasa den mendean kontuan harturiko jarraibideak, hona ekarri gaituztenak, egoera berrira egokitzea eta gaurko zein biharko beharrizanak aurreikusiz indarberritzea, ezagutzaren aldeko jardunetik erabilerara jauzi eginez, maila eta esparru guztietan. Halaber, gero eta gogoeta gehiago egiten ari da euskalgintza deiturikoa ekinbide eta asmo eta indar berriekin gaurko errealitate eta beharrizan sozialetara ekartzeaz", azaldu dute.

Ildo horretan, euskara askotariko alderdietatik indarberritzen jarraitzeko bide berriez gogoeta egiteko mintegia antolatu dute Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak, lankidetzan. Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak hasiko du jardunaldia, eta 50 bat aditu, soziolinguista, unibertsitateko irakasle, hizkuntza politiken arduradun eta euskalgintzako ordezkarik parte hartuko dute.

Zupiriaren hasiera ekitaldiko hitzaldiaren ostean, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak "EAEko herri langileak: euskara jakitetik euskara erabiltzera" hitzaldia eskainiko du. Gotzon Lobera itzultzailea eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea moderatzaile arituko da hitzaldiaren ondoko galderen txandan.

Jarraian, Joseba Lozano Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak eta Natxo Mosteiro Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako Hizkuntza Plangintzako arduradunak gogoeta egingo dute Euskadiko toki erakundeetan euskararen erabilera sustatzeko bide berriei buruz. Amaia Jauregizar Euskaltzaindiko kideak eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoko ikertzaileak moderatzaile jardungo du.

KULTURGINTZA

Halaber, Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak gogoeta egingo du euskarazko kulturgintzarenn bide berriez, eta ondoren, Erramun Osa euskaltzain urgazle, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko idazkari eta mintegiaren koordinatzailea moderatzaile arituko da.

Horren ondotik, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak dinamika sozialaren ezaugarri eta aurrera begirako ildoak aurkeztuko dituzte. Kike Amonarriz soziolinguista izango da moderatzailea.

Mintegia amaitzeko mahai ingurua antolatu da, hizkuntza esparruko eragileek euskarak aurrera egiten jarraitzeko bideez gogoeta egin dezaten. Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusia, Iban Arantzabal Goiena-ko zuzendari nagusia, Sagrario Aleman euskaltzain eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko burua, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailea eta Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendaria izango dira mahai inguruan, eta Mikel Irizar euskalgileak moderatzaile jardungo du.

Contador