Euskara lan munduan sustatzeko plana onartu du Eusko Jaurlaritzak

Bingen Zupiria (eskuinean), Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana aurkezten.
IREKIA
Actualizado: jueves, 26 diciembre 2019 17:00

Bingen Zupiriak azpimarratu du euskara lan munduan indartzeko "baldintza egokiak" daudela

GASTEIZ, 26 (EUROPA PRESS)

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Jaurlaritzaren Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-2023 aurkeztu du ostegun honetan, Gobernu Kontseiluaren ostean. Euskara lan munduan sustatzea da planaren xedea, arlo publikoan zein pribatuan, eta 2023rako hamar "helmuga" zehaztu ditu, adierazlen zehatzen bidez neurgarriak direnak.

Jaurlaritzan eta beste erakunde eta entitateetan egindako gogoetan du oinarri planak, eta era askotako estrategiak bideratuko ditu lau helburu nagusi lortzeko: euskararen ezagutza lan munduan indartzea, langileen erabilera bultzatzea, kontsumitzaileen eskubideak hobeto betetzea eta, laugarrenik, entitateen eta kontsumitzaileen aktibazioa sustatzea.

Zupiriak nabarmendu du lehen aldiz plan zehatz bat dagoela euskara lan munduan indartzen jarraitzeko. Gogoratu du euskarak hainbat esparru irabazi dituela azken hamarkadetan, baina beste batzuetan oraindik ere pausoak behar direla, besteak beste, lan munduan.

"Bidea luzea daukagu egiteko arlo horretan eta, era berean, arlo estrategikoa da. Une honetan lehen gertatzen ez ziren baldintzak ditugu euskara lanaren munduan izanda, Administrazioa ere kontuan izanda. Lan mundura heltzen ari diren belaunaldi berriek inoiz baino gaitasun handiagoa daukate beren zereginak euskaraz egiteko. Baina bidea erraztu behar zaie, eta lehen aldiz plan zehatz bat daukagu horretarako", azaldu du.

HELBURUAK

Planak bi motako helburuak bereizten ditu. Lehenik eta behin, azken helburuez hitz egiten da, alegia, plangintzaren bidez lortu behar diren helburu orokorrez: euskararen ezagutza, erabilera, hizkuntza eskubideak eta gizartearen aktibazioa.

Bestalde, azken helburu horiek lortzeko landu beharreko elementuak aipatzen ditu planak: eragileak (Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetza, Jaurlaritzako gainontzeko sailak, beste erakunde publikoak, enpresak, langileak, aholkularitza sektorea); tresnak (legedia, dirulaguntzak, ziurtagiriak, komunikazioa eta sentsibilizazioa, sareak, foroak, ikerketa); arlo giltzarriak edo lehenetsi beharrekoak (hizkuntza paisaia eta ingurune digitala, zerbitzu hizkuntza, gaitasuna, gizartearen aktibazioa, aukerak zabaltzea).

Gainera, euskara lan munduan sustatzeko estrategikoak izan daitezkeen eskualde multzoak zehazten ditu. Lehen multzoan sartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuen eskualdeak (Bilbo Handia, Donostialdea eta Gasteizko ingurunea) eta Behe Bidasoa. Multzo horren ezaugarriak dira bigarren gune soziolinguistikoko guneak direla (euskaldun kopurua %20-%50), zerbitzuen sektoreak pisu handia duela eta baxuagoa industriak, Euskadiko establezimenduen eta enpleguaren hiru laurden biltzen dutela eta gehienak enpresa txikiak direla baina saltoki handiek eta frankiziek pisua hartu dutela.

Bigarren multzoan daude Durangaldea Bizkaian eta Deba eta Oria ibaien arroak Gipuzkoan (Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea eta Goierri). Hirugarren gune soziolinguistikoko guneak dira, hau da, euskaldun kopurua %50 baino gehiago eta %80 baino gutxiago; industriak pisu handia du; EAEko enpleguaren %15 biltzen dute eta tamaina handiko zenbait enpresa daude.