DONOSTIA 11 (EUROPA PRESS)
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskararen ahozkotasuna lantzeko eskolaz kanpoko doako online saioak antolatuko ditu urritik maiatzera, 8 eta 14 urte bitartekoentzat. MintzaOn izena duen aisialdiko jarduerak bi helburu nagusi ditu, parte hartzaileak gustura aritzea euskaraz eskolatik kanpo, eta ahozko euskara lantzea, giro atseginean, hain zuzen ere.
Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, MintzaON ez da euskara irakasteko jarduera bat, euskara praktikatzeko eta hobetzeko egitasmoa baizik. Eskola orduz kanpo egingo da, astean behin eta doan, eta haurrak, begirale baten laguntzarekin, solasean ariko dira: hizkuntza jokoak, erronkak, musikarekin loturiko ekimenak eta gustuko dituzten bestelako jarduerak partekatuko dituzte. Egitasmoa irekia da eta euskaraz hitz egiteko gaitasuna duen edonork parte hartu ahal izango du. 350 bat parte hartzaile izango dira guztira.
Parte hartzaileak adinaren eta ordutegiaren arabera talde txikitan antolatuko dira (5-7 lagun), eta dinamizatzaile bat ariko da talde bakoitzarekin. Etxetik parte hartuko da edota haurren arduradunek egoki irizten dioten lekutik, astean behin, 45 minutuz, eskolatik atera ondoren. Horrela, MintzaOn 8-12 urte bitartekoei zuzenduko da (LH 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleak), eta MintzaOn+ 12-14 urte bitartekoei (DBH 1 eta 2. mailako ikasleak).
Ien-ematea irailaren 21era arte dago zabalik, eta izena emateko eta ordutegia aukeratzeko formulario bat bete behar da udal webean. Doako jarduera da, baina plaza mugatuak ditu, eta, behar izanez gero, zozkatu egingo dira. Jarduerari buruzko informazio guztia webean jasota dago, eta jardueran interesa duten haurren gurasoekin edota adin txikikoen arduradun legalekin online bilerak egingo dira irailaren 16an eta 17an (parte hartzeko, izena eman behar da 15a baino lehen https://www.donostia.eus/eu/euskara helbidean).
AHOZKOTASUNA INDARTU
Kerman Orbegozo Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa eta Euskarako zinegotzi ordezkariak programaren balioa nabarmendu du. Bere esanetan, "egitasmo honi esker, haur eta gaztetxoek ahozkotasuna indartzen dute, euskara modu naturalean erabilita. Gainera, giro onean aritzen dira eta hiriko beste neska-mutil batzuk ezagutzen dituzte, hasieratik euskara harreman hizkuntza hartuta".
Gainera, euskara eremu digitalean ere erabiltzen dela ikus dezakete, jarrera aktiboarekin, komunikatzeko eta sozializatzeko gaitasunak garatuko baitituzte MintzaOn saioan ari diren bitartean.
Azkenik, etxean euskara erabiltzen ez denean, hizkuntza etxean sartzeko modu bat ere bilakatzen da MintzaOn; izan ere, gurasoek lagundu ohi diete neska-mutilei MintzaOn saioen hasieran konektatzen, eta, gero, taldekideek euskaraz hizketan jarraitzen dute, konektatu ondoren.