Euskararen arnasguneen garapena aztertuko dute asteazkenean, Azpeitian

Lurralde eta Hizkuntza jardunaldia
UEMA
Actualizado 2018/10/09 10:32:51 CET

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk "Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera" jardunaldia antolatu dute elkarlanean. Topaketaren laugarren edizioan lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuko dira. Jardunaldia asteazkenean izango da, urriaren 10ean, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean, 09:00etatik aurrera.

Antolatzaileen arabera, arnasguneak babesteak "berebiziko garrantzia" dauka euskararen biziberritze prozesurako, "oro har arnasguneetan modu naturalean eta kolektiboan gertatzen delako euskararen transmisioa". "Beraz, gune horiek bereziki zaindu eta ondo kudeatzen jakin behar dugu", gaineratu dute.

2014an abian jarri zenetik, arnasguneei begira landutako Lurralde eta Hizkuntza proiektuak "hainbat emaitza" eman ditu. Orain, garapen jasangarria eredu hartuta, "garapenerako jauzia" egingo dute aurtengo jardunalditik aurrerako bidean. "Oinarri batzuk jarriko dira, norabidea markatuko da, hirigintza planak egiten diren orduan, hasieratik aintzat har dadin hizkuntzaren gaia", azaldu dute.

Gainera, UEMArentzat, "benetan garrantzitsua eta pozgarria da gai honen inguruan honelako elkarlana sentitzea, euskalgintzaren, unibertsitatearen eta erakunde publikoen artean. Izan ere, aurtengo jardunaldia, udalerri euskaldunentzat, giltzarria ez ezik mugarria ere bada: urrats handi bat egitera goaz aurrera".

Jardunaldiko hizlarien artean daude Iker Salaberria Kontseiluko koordinatzailea, Itsaso Olaizola Ekoguneko ordezkaria, Nekane Altzelai ekonomilaria, Joseba Garmendia EHUko irakaslea, Xabier Aranbarri Kulturaz kooperatibako gerentea, Lorea Agirre "Jakin" aldizkariko zuzendaria, Xabier Amuriza bertsolari eta idazlea edota Miren Segurola UEMAko koordinatzailea.

Landuko diren gaien artean, berriz, "Hizkuntza korridoreak", "Ekologiaren begiradatik", "Arkitekturaren begiradatik", "Oreka eta garapen endogenoa", "Garapen sozioekonomikoa", "Oinarrizko zerbitzuen eskualde garapena", "Kultura eta identitatea", "Garapen soziokulturala", "Garapen sozioidentitarioa", "Tokiko garapena eta hizkuntza", "Genero eta lurralde desorekaren ikuspegitik", "Kulturgintzaren ikuspegitik" eta "Ekintzailetasun eta enpleguaren ikuspegitik" daude.