Euskararen eta 2030eko euskal hiztunen komunitatearen ezaugarriak eta erronkak aztergai asteazkenean Bilbon

Archivo - Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak aurretik antolaturiko beste mintegi bat.
EUSKALTZAINDIA - Archivo
Actualizado: martes, 19 julio 2022 12:24

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak mintegi bat antolatu dute Bilbon asteazkenerako, uztailaren 20rako, euskararen eta 2030eko euskal hiztunen komunitatearen ezaugarriak eta erronkak aztertzeko helburuarekin.

Topaketa Sabino Arana Fundazioaren egoitzan izango da, 09:00etan hasita, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioko presidenteak esku hartuko dute hasiera ekitaldian, antolatzaileek jakinartazi dutenez.

Hizlarien artean egongo dira Bingen Zupiria eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Hezkuntza sailburua, hurrenez hurren; 'Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza erronka nagusiak' izenburuko hitzaldia eskainiko du lehenak, eta 'Hezkuntza politikaren aurreikuspenak euskal eleaniztasunaz' izenburukoa besteak.

Xabier Barandiaran Soziologiako doktorea eta unibertsitateko irakaslea ('Egoera eta prospektiba: 2030eko euskaldun eleaniztuna') eta Elixabete Larrinaga Politika eta Administrazio Zientzietako doktore eta unibertsitateko irakaslea ('Gizarte ekintza euskaldunaren lehentasunak') izango dira mintegiaren beste bi hizlariak.

Hitzaldiak bukatuta, 11:30etik aurrera, hizlariek, taldeetako idazkariek eta mintegian parte hartzen duten euskalgintzako eta euskal kulturako ordezkariek osaturiko lau taldetan aztertuko da hitzaldietako edukia. Azkenik, talde bakoitzeko idazkariek taldean ateratako gogoetak azalduko dituzte.