BILBO 9 (EUROPA PRESS)
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskaltzaindiak 'Euskarazko ekoizpen zientifikoa: egoera, azterketa konparatiboa eta etorkizunerako proposamenak prestigioa handitzeko' ikerketa beka jarri dute martxan. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 14tik urriaren 16ra egongo da zabalik, biak barne, UEUren webgunean dagoen inprimakia erabiliz, eta ebazpena urriaren 23rako jakinaraziko da eta jasotzaileak urriaren 26rako baino lehen erabakiko du beka onartzea.
Bi erakundeotako kideek Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egindako aurkezpenean azaldu dutenez, gaur egun, oro har eta labur adierazita, artikulu eta aldizkari zientifikoen ospea horiek guztiek jasotzen duten aipu kopuruaren arabera neurtzen da. Alabaina, aipuen kopuruak ez du beti egindako ekarpen zientifikoaren balioa behar bezala edo behar adina islatzen, eta faktore gehiagok ere baldintzatzen dute aipu kopuru hori.
Adibidez, artikulu eta aldizkari zientifikoak euskaraz argitaratuz gero, artikuluaren edota aldizkariaren hedapena mugatuagoa da, euskaldunek bakarrik irakurtzen baitute eta, ondorioz, irakurle horiek bakarrik aipa dezakete. Ondorioz, batzuetan artikulu eta aldizkari zientifikoen balioa gutxiesten da jasotzen duen aipuen kopurua txikia bada. Testuinguru horretan dihardute ikertzaile euskaldunek.
Bada, Euskaltzaindiak eta UEUk euskarazko ekoizpen zientifikoaren egoeraren inguruko kezka partekatzen dute eta kezka horretatik abiatuta abiarazi dute ikerketa beka. Gainera, UEUren Inguma Euskal Komunitate Zientifiko-intelektualaren datu-baseak 25 urte bete ditu euskarazko goi mailako ekoizpena bildu, katalogatu eta eskuragarri jartzen. Urte horietan, euskarazko jakintza eta ikerketa sustatzeko tresna eraginkorra bihurtu da, komunitatearen ezagutza eta bilgune gisa ekarpen nabarmena eginez.
Datu basearen urteurrena dela eta, UEUk Inguma 25 urte beka-deialdia aurkeztu zuen honako helburu honekin: Inguma datu-basea erreferentzia nagusitzat hartuta, euskarazko ekoizpen zientifikoaren bilakaera historikoa eta egungo egoera aztertzea.
BESTE URRATS BAT
Azterketa hori burututa eta ateratako ondorioak kontuan izanda, beste urrats bat eman nahi da: euskarazko ekoizpen zientifikoaren beherakadaren aurrean, euskarazko aldizkari zientifikoak eta ikertzaileek euskaraz ekoizteko dituzten baldintzak aztertzea eta ebaluatzea.
Oro har, aztergaia euskarazko ekoizpen zientifikoa da, eta laginak izango dira euskarazko aldizkari zientifikoak, ikerketarako kontratu programak, diru laguntza deialdiak, eta ekoizpen zientifikoaren datu baseak/katalogoak, kalitate adierazleak eta ebaluazio-sistemak.
Laburbilduz, euskarazko aldizkari zientifikoen egoera eta euskaraz argitaratzen duten ikertzaileen jarduna ikertuko dira, ikuspegi kuantitatibotik zein kualitatibotik. Horretarako, besteak beste, ekoizpenaren bolumena, dibertsitatea eta ikusgarritasuna inpaktu akademikoa, finantzaketa iturriak eta ebaluazio irizpideak aztertuko dira, baita ikertzaileek aurkitzen dituzten oztopoak eta aukerak ere, bereziki, zer neurritan aitortzen eta sustatzen den euskaraz egindako ekoizpen zientifikoa.
ESKATZAILEAK
Beka norbanakoek nahiz horretarako osatutako lantaldeek jaso ahal izango dute; bigarren kasuan, ikerlanaren zuzendari-arduradun bat izendatu beharko da. Beka jaso ahal izateko ezinbestekoa da diplomatura, gradua edo maila horretako tituluduna edo goi mailako tituluduna izateam, eta lantaldeen kasuan, gutxienez partaideen erdiek bete beharko dute baldintza hori.
Euskarazko gaitasunari dagokionez, eskatzaileak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 hizkuntza eskakizuna edo baliokidea izan beharko du; lantaldeen kasuan, partaide guztiek izan beharko dute gaitasun hori.
Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egingo dira. Ikerlanaren iraupena gehienez sei hilabetekoa izango da, diru poltsa esleitzen den egunetik hasita (epe horretan ez da abuztua kontuan hartuko). Ikerlanak originala eta argitaragabea izan behar du, eta UEUk laguntza teknikoa eskainiko du Inguma datu baseak izan duen erabilera kontsultatzeko.
Ikerketaren emaitzarekin amaierako txosten bat sortu beharko da, 'Jarraipena' atalean zehazten den lau hilabetera entregatu behar den txosten partzialaz gain. Ikerketaren emaitza argitaratzeko edota hedatzeko eskubideak partekatuak izango dira (Euskaltzaindia + UEU). Horrez gain, ezagutza librea sortu, trukatu edota zabaltzeko asmoa duten datuak edota programak sortzea hobetsiko da, betiere lizentzia libreak erabiliz zabaltzeko modukoak.
5.000 euroko diru poltsa bat aurreikusi da, eta erakunde bakoitzak erdibana jarriko du dirua. Eskaerak eta gainerako agiriak aurkezteko epea irailaren 14tik urriaren 16ra egongo da zabalik, biak barne, eta UEUren webgunean dagoen inprimakia erabiliz aurkeztu beharko dira. Ebazpena urriaren 23rako jakinaraziko da eta jasotzaileak urriaren 26rako baino lehen erabakiko du beka onartzea.