Langileen familia eta lan bizitzaren bateragarritasuna sustatzeko 32,5 milioi euro

Actualizado 2016/01/19 14:04:19 CET

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak 32,57 miloi euro bideratuko ditu familiako, laneko eta norberaren bizitza bateragarri egiteko neurriak sustatzeko egitasmoetara. Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenari erantzunez, Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu du 2016an laguntzak arautuko dituen agindua, eta, 2015arekin alderatuta, %3,82 igo dira.

   Lana eta familia bateragarri egiteko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuak familiei zuzendutako hiru jarduera lerro eta enpresei zuzendutako beste bat biltzen ditu. Laugarren lerro hori Lanbidek kudeatzen du eta langileen ordezkapena ahalbidetzea du xede.

   Lehenbiziko lerroa seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi murrizketa eskatu duten langileei bideratuta dago; bigarrena mendekotasun egoeran edo osasun egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi murrizketa eskatu dutenei; eta, hirugarrena, azkenik, seme-alabak zaintzeko langileak kontratatu dituztenei.

   Hiru laguntza lerro horiek 2011-2015 aldirako Familiei Laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Arteko III. Planean jasotzen dira. Hain justu, familiak bizitza ziklo osoan laguntzeko politikak sustatzea da plan horren helburu nagusia.

   Seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi murrizketak eskatzen dituztenei bideratu zaie aurrekontu sail handieneko laguntza lerroa. 2015ean, 17.194 lagunek jaso zituzten haurrak zaintzeko eszedentzietarako nahiz lanaldi murrizketarako laguntzok (horietatik zenbait, 2014ko ekitaldikoak). Horietatik, 2.645 lagunek eszedentzia eskatu zuten eta 14.549k lanaldi murrizketa. Jasotako laguntza 1.761,19 eurokoa izan zen batez beste.

MENDEKOTASUNA

   Aginduan jasotako bigarren laguntza lerroa mendekotasun egoeran edo osasun egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi murrizketa eskatu dutenei bideratuta dago (727.100 euro). 2015ean, 376 lagunek jaso zituzten diru laguntzok, 1.861,95 euro jasorik batez beste. Horietatik, 57 lagunek eszedentzia eskatu zuten, eta 319 lagunek, berriz, lanaldi murrizketa.

   Azkenik, hirugarren laguntza lerroa (488.000 eurokoa) seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzen dituztenei bideratuta dago: enplegatzaileari Gizarte Segurantzako kostuak ordaintzeko laguntza ematen zaio, betiere familia unitatearen errentaren arabera. 2015ean, 400 lagunek jaso zituzten laguntzok (525,55 euro batez beste).

   Eusko Jaurlaritzak familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak arautzen dituen dekretua aldatzea erabaki zuen 2015eko martxoan (177/2010 Dekretua, ekainaren 29koa), Familiei Laguntzeko Legean jasotako gainerako laguntzekin homologatzeko. Txertatutako aldaketa nagusia familiako errenta estandarizatua aplikatzeari buruzkoa da.