Feminismoaren inguruko edukiak ulertzeko, sortzeko eta ikertzeko Leiho Morea webgunea sortu dute

Feminismoaren inguruko edukiak ulertzeko, sortzeko eta ikertzeko Leiho Morea webgunearen aurkezpena Elhuyarren
ELHUYAR
Europa Press País Vasco
Publicado: sábado, 17 enero 2026 10:39

DONOSTIA 17 Ene. (EUROPA PRESS) -

Feminismoaren alorreko edukiak ulertzeko, sortzeko eta ikertzeko Leiho Morea webgunea jarri dute martxan (https://leihomorea.eus/). Feminismoarekin lotutako euskarazko edukiak biltzen ditu, hiztegi terminologiko eleaniztuna ere badu, eta idatzizko edukia eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen euskarazko lehen corpusa da.

Aste honetan aurkeztu dute Leiho Morea webgunea Elhuyarren, Usurbilgo (Gipuzkoa) egoitzan. Itziar Cortes Etxabe Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unitateko koordinatzaileak eta Margaret Bullen Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Berdintasunerako zuzendariak hitz egin dute, eta halako proiektu batek gizartean duen garrantzia azpimarratu dute.

Izan ere, azaldu dutenez, "berdintasun errealerako eta gizarte justu baterako bidean, ezinbestekoa da diskurtso feministan sakontzen jarraitzea eta diskurtso hori oinarri terminologiko sendo eta koherente batekin eraikitzeko baliabideak herritar guztien eskura jartzea".

Alde horretatik, Leiho Moreak berdin balio du feminismoari begiratzeko zein munduari feminismotik begiratzeko. Horrela, kontsultarako baliabide bat da, feminismoaren alorreko euskarazko edukiak biltzen dituena, eta eremu horretako kontzeptuak ulertzeko eta diskurtsoak sortzeko, itzultzeko eta ikertzeko ezinbestekoak diren bi atal ditu: hiztegia (terminoak eta definizioak kontsultatzeko) eta idatzizko zein ikus-entzunezko edukien corpusa edo bilduma (terminoen eta bestelako edukien kontsulta egiteko).

Lehen atala 2020an aurkeztutako Feminismoa eta Berdintasuna Hiztegiaren jarraipena da. Orduan oinarrizko kontzeptuak bildu ziren, eta aurrerantzean kontzeptu gehiago eta adierazgarriagoak gehituko dira. Hala, euskarazko terminoak finkatzen eta kontzeptuen definizioak zehazten jarraitzeko bidea emango du.

Bigarren atalari dagokionez, Leiho Moreak bi eratako edukiak biltzen ditu: idatzizkoak (liburuak, prentsa-artikuluak, artikulu akademikoak, gidak) eta ikus-entzunezkoak (podcastak, jardunaldi feministak). Helburua da feminismoaren alorreko edukien bilduma esanguratsu bat sortzea eta baliabide hori erabilgarria izatea hizkuntzarekin zein edukiarekin lotutako askotariko kontsultak eta ikerketa lanak egiteko.

HERRITAR GUZTIENTZAT

Leiho Morea herritar guztiei zuzenduta dago, edozeini sortu baitakioke arlo honetako hitz baten esanahia argitzeko beharra edo diskurtso feministan kontzepturen bat euskaraz nola erabiltzen ari diren jakiteko nahia.

Nolanahi ere, bereziki baliagarria da ohiko jardunean feminismoarekin lotutako edukiak sortzen aritzen direnentzat, hala n nola mugimendu feministako kide, kazetari, idazle, itzultzaile, podcast egile, unibertsitateko ikasle eta irakasle, ikertzaile, berdintasun teknikari edo politikarientzat. Hizkuntzalariei zuzenduta ere badago, corpusaren atala euskararen azken urteetako bilakaera aztertzeko iturri oparoa baita.

Egitasmoak bi babesle nagusi ditu: EHUren Berdintasunerako Zuzendaritza eta Deustuko Unibertsitatea. EIZIE elkarteak eta EHUren Euskara Institutuak proiektuaren oinarria zehazten lagundu dute, baita edukiak aukeratzeko irizpideak zehazten ere.

Alabaina, bildumaren oinarrian edukiak daude, eta, alde horretatik, aipatzekoak dira beren lanak eskuzabaltasunez Leiho Morearen esku jarri dituzten sortzaileak eta eragileak: batetik, obra idatzien egile eta itzultzaileak eta ikus-entzunezko edukien sortzaileak, eta bestetik, argitaletxeak, hedabideak eta bestelako elkarteak (Berria, EHU, EITB, Elkar, Emagin, Hamaika Telebista, Iñurri Elkartea, Jakin, Katakrak, Susa, Txalaparta, UEU, Argia).

Aurrerantzean ere eragile horien azken lanak eta beste batzuen edukiak gehituko dira. Gainera, bilduma horretatik ateratako kontzeptu berriak hiztegiratzeko lanak ere egingo dira.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado