Gatibuk bi saio eskainiko ditu Bilboko Euskaldunan azaroaren 7an

Gatibu
EUSKALDUNA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 13 octubre 2020 17:12

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Gatibu talde gernikarrak '20 Urte Bixotzetik' izeneko kontzertua eskainiko du azaroaren 7an Bilboko Euskalduna jauregiko auditoriumean, bi saiotan: 19:00etan eta 22:30ean. Gaueko sarrerak 24 orduan baino gutxiagoan saldu dira, eta arratsaldeko saiorako sarrerak astearte honetan jarri dira salgai, www.euskalduna.eus webgunean eta ohiko beste bideetan, 23 euroko prezioan (kudeaketa gastuak barne), Euskaldunako iturriek jakinarazi dutenez.

"Aukera paregabea izango da, banda mitikoaren eta bere ikus-entzule leialenen arteko musika topaketa baita, elkarrekin egindako bidea eskertzeko, zalantza barik taldearen historian mugarri izango den eta bihotzetik eginda dagoen kontzertuan", adierazi dute Bilboko aretotik.

Gatibu taldea 2000. urtean sortu zen, Alex Sarduik, Haimar Arejitak, Gaizka Salazarrek eta Mikel Caballerok osatua. Urtebetera lehenengo diskoa kaleratu zuten, 'Zoramena', eta horren ondoren beste zazpi lan eta ehunka kontzertu izan dira.

Orain, euskaraz egindako rock and rollaz betetako hogei urte horiek elkarrekin ospatuko dituzte taldeak eta ikus-entzuleek. "Gatibuk atzera begiratu, bere ibilbideari buruz gogoeta egin eta etorkizunerantz aurrera egiteko bultzada hartu gura duen kontzertuan, bere jarraitzaileak alboan dituela", esan dute.

Contenido patrocinado