Gatibuk bukatuko du 930.000 bistaratze izan dituen 'BBK Sala Etxean' sareko kontzertuen zikloa

Gatibu 'BBK Sala Etxean' zikloan
BBK SALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 28 mayo 2020 11:20

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Gatibu talde gernikarrak amaituko du 'BBK Sala Etxean' sarean egin den zuzeneko kontzertuen zikloa, larunbatean eskainiko duen emanaldiarekin, maiatzaren 30ean. BBKren kulturguneak antolatutako zikloak 20 kultur emanaldi eskaini ditu orain arte, bere webgunearen eta sare sozialen, eta Telebilbao katearen bidez, eta 57 herrialdetako 930.000 bistaratze baino gehiago izan dituzte.

Aurrekoetan bezala, Gatibuk 22:00etatik aurrera emango duen kontzertua ikusteko aukera izango da BBK Salaren webgunearen (https://salabbk.bbk.eus) eta sare sozialen (Youtube, Twitter eta Facebook), eta TeleBilbao telebista katean.

'BBK Sala Etxean' ekimena apirilaren 9an hasi zen. Aretoko arduradunek "kalitatezko programazio bat" hastea erabaki zuten, covid-19aren pandemiak eragindako konfinamendua eramangarriago egiteko eta euskal kultur sektorea laguntzeko, "Gobernu zentralak ezarritako kulturguneen itxiera kalte ekonomiko nabarmena eragin baitzion sektoreari".

Iñaki Uranga izan zen BBK Salako oholtzara igotzen lehena, "zuzeneko publikoaren berotasun barik, baina streaming bidez milaka lagunen begiradapean".

"'BBK Sala Etxean' ekimenaren arrakasta BBK Salaren moldakortasun eta erabilgarritasun azkarrari zor zaio. Izan ere, BBK Salak beharrezko ekintzak gauzatzen jakin du, kalitatezko entretenimendua eta programazioa eskaintzeko baldintza gogorretan, batere erraztasun barik, eta egoerak eskatzen zituen osasun segurtasunerako neurri guztiak hartuta", azaldu dute aretoko arduradunek.

HARRERA ONA

Ekimenak Bizkaiko kultur sektorean eta ikus-entzuleen artean izan duen harrera ona nabarmendu du BBK-k, eta berriro eskertu du zikloarekin bat egiteko artistek eta eragileek azaldutako prestutasuna eta jarrera ona.

Gatibuk larunbatean eskainiko duen emanaldiarekin, zuzeneko 21 kontzertu, antzezlan edo bakarrizketa eskainiko ditu 'BBK Sala Etxean' ekimenak. Zortzi asteburutan, euskal sortzaileek "kalitatezko kultura" eskaini dute zuzenean.

Oraingoz, 57 herrialdetako 935.000 bistaratze izan dira guztira. Ekimenaren sustatzaileen sare sozialek 100.000 harpidedun baino gehiago eta 30.000 inpaktu baino gehiago lortu dituzte kontzertu bakoitzeko.

Programako kontzerturik ikusiena Dr. Deseo taldearena izan da, 250.000 ikusle baino gehiagorekin (228.760 Telebilbaon, 13.598 Youtuben eta 8.170 sare sozialetan). Ondoren datoz Izaro (102.923 ikus-entzule) eta Eñaut Elorrieta (60.371); Mikel Erentxunek 50.000 ikus-entzule baino gehiago izan zituen, eta Garik eta Shinovak 40.000 ikus-entzuleak gainditu zituzten.

Contenido patrocinado