Gaztea irratiak 12 orduko musika festa egingo du igandean Tabakaleran Musikaren Egunaren bigarren edizioan

Gaztea irratiak 12 orduko musika festa egingo du igandean Tabakaleran Musikaren Egunaren bigarren edizioan
EITB
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 9 octubre 2026 15:56

DONOSTIA 9 (EUROPA PRESS)

Gaztea irratiak Musikaren Eguna ospatuko du bigarren urtez jarraian, eta 12 orduko musika festa erraldoia antolatu du Tabakalerarekin elkarlanean. Igandean izango da, urriaren 11n, eta 20 euskal talde eta bakarlaritik gora entzun eta ikusteko aukera izango da egunean zehar Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan.

EITBk jakinarazi duenez, Zeatikez, Belako, Tatta, Lukiek, Ane Lukin, Esanezin, Aimarz, XSakara, Kattalin eta Nenufarrak, BARRRK, Garazi Esnaola eta Herenegun ikusteko aukera izango da, besteak beste. Gainera, Niña Coyote eta Chico Tornado, Libe Kortazar & Jon Basaguren, Apotheke 90, GAR, Mugan, Burutik, Silitia, Nhil, Mr.luken, RTZ eta Indigo taldeen zuzenekoak ere izango dira.

Kontzertuak Tabakalerako aretoetan banatuko dira, eta guztiek ordu erdiko iraupena izango dute. Emanaldiak doakoak izango diren arren, nahitaezkoa izango da aurrez gonbidapenak eskuratzea. Ohi bezala, zuzenekoak blokeka antolatu dira, baita sarrerak ere. Zortzi blokeetatik bost agortuta daude dagoeneko, baina oraindik 11:30, 17:30 eta 20:30eko zuzenekoetarako sarrerak lor daitezke.

Tabakalerako ateak ireki bezain laster, Gaztea irratiko lantaldea bertan izango da, egunean zehar gertatzen den guztiaren jarraipen berezia egiteko. Ainhoa Vitoriak eta Liher Larrañagak 'Bitan' saio berezia egingo dute bertatik. Gazteako esatariek Musikaren Egunean zehar ikusiko dena errepasatu eta ekitaldiko artistak elkarrizketatuko dituzte.

Irratsaioaz gain, estreinatu berri den 'Salda Badugu' podcasteko kideek zuzeneko emanaldi berezia egingo dute Tabakaleran, 12:00etan. Alex Padilla eta Ainhoa Etxebarriak Telmo Trenado zumaiar influencerra hartuko dute, podcasteko bigarren gonbidatu gisa, Zine eta Ikus-entzunezko Laborategian. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Kontzertuetara gerturatzerik ez dutenek zuzeneko guztiak 'streaming' bidez jarraitzeko aukera izango dute gaztea.eus webgunean eta YouTubeko kanalean. Bestalde, Gaztearen eta Tabakaleraren sare sozialetan Musikaren Eguneko eduki esklusiboa izango da ikusgai.

Contador

Contenido patrocinado