Gazteak euskararen "eragile aktibo" bihurtzeko udalekuak antolatu ditu UEMAk lehen aldiz

Gazte euskaldunentzako udalekuak antolatu ditu lehen aldiz UEMAk
UEMA
Actualizado 2018/03/23 16:28:09 CET

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta "eragile aktibo" bihurtzeko udalekuak antolatu ditu. Uztailaren 10etik 17ra izango da egonaldia, Zestoako Sastarrain aterpetxean (Gipuzkoa). 50 lagunentzako izango da lekua, eta izena emateko epea zabalik dago, maiatzaren 9ra arte.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Josu Labaka UEMAko lehendakaria, Josetxo Mendizabal Zestoako alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kidea eta Jokin Uranga UEMAko hezkuntza arduraduna hedabideen aurrean agertu dira ostiral honetan, Donostian, UEMAk lehen aldiz antolatu dituen udalekuen berri emateko.

UEMAko arduradunek agerralsdian azaldu dutenez, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da maankomunitatearen ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen duela bi urte, eta azken ikasturteetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, "Salto!" gazte topaketak antolatu zituen iaz lehen aldiz UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzeko eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzeko. 15 eta 18 urte arteko gazteak bildu ziren topaketotan, eta hiru egunetan hainbat ekimen eta ekitalditan hartu zuten parte lagunartean, begirale eta sukaldariekin batera.

Hiru egun haietan landutako eduki guztia modu lasaiagoan lantzeko eta gazte gehiagorengana heltzeko, asteburu bateko egonaldia beharrean aste osoko udalekua prestatzea erabaki du orain UEMAk. Labakak nabarmendu duenez, "azken batean, euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko".

"Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da udaleku hauekin", gaineratu du.

Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa dela iritzita, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak berariaz lagundu du udalekua.

Ildo horretan, Dobaranek berariaz nabarmendu du udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek normalizazio prozesuan duten garrantzia, baita udalerri hauek zaintzeko berariazko hizkuntza politika ere. Horrela, UEMAk egindako lana eta soziolinguistika edukiak gazteen artean lantzeko beharra aipatu du, eta hor kokatu du Eusko Jaurlaritzaren eta UEMAren arteko lankidetza. Lankidetza horren baitan, udaleku hauek duten garrantzia nabarmendu du, batez ere gazteen ahalduntzean eta kontzientziazioan eragiteko, hizkuntza ohituretan ere eragin nahian.

"Etorkizuna iraunkorra izateko ezinbestekoa da erabilera trinkotzea. Udalerri euskaldunek eta arnasguneek berezibiko garrantzia dute horretan. Eta zer esanik ez bertan bizi diren gazteek. Horiek eragile aktibo bihurtzea oso garrantzitsua da erabilerari eusteko, eta hori da udaleku hauekin lortu nahi dena", azaldu du.

Halaber, Mendizabalek nabarmendu duenez, UEMAk lehen aldiz antolatu dituen udaleku hauek Euskal Herriko gazteen artean "Zestoa are gehiago ezagutzeko baliagarriak" izango dira. "Pozgarria da honelako ekimen bat gure herriarentzat. Gainera, Zestoa udalerri euskalduna da, eta Zestoako gazteek eta beste hainbat udalerri euskaldunetako gazteek elkarrekin aritzeko aukera izango dute, euskaratik eta euskaraz", esan du.

NONDIK NORAKOAK

UEMAko hezkuntza arduradun Jokin Urangak zehaztu ditu udalekuen nondik norakoak, eta "euskararenganako kontzientzia hartzeko eta horrekin gazteak eragile aktibo bihurtzeko ekimen aitzindaria" direla nabarmendu du.

Udalekuak Zestoako Sastarrain aterpetxean izango dira. Sastarrain baserri eskola eta aterpetxea izen bereko bailara txiki eta atseginaren erdigunean dago kokatuta, Zestoako herrigunetik kilometro eta erdira. Zelai multzoak eta zuhaiztiak ugariak diren bailara txiki eta ederrean daude Ekaingo koba eta Ekainberri museo gunea ere.

Udalekuak udalerri euskaldunetan bizi diren 15 eta 18 urte arteko gazteentzat dira. Izena emateko epea martxoaren 19an hasi da eta maiatzaren 9ra arte izango da zabalik. Horretarako, hezkuntza@uema.eus helbide elektronikora idaztea edo 943 816 699 telefonora deitzea nahikoa izango da (astelehenetik ostiralera, 08.00etatik 15.00etara).

Gazte bakoitzak 249 euro ordaindu beharko ditu. 50 lagunentzako lekua izango da, eta prezioan sartuta dago zazpi eguneko egonaldia mantenu osoan, otordu guztiekin, baita eguneroko ekintzak, irteerak, tailerrak eta udalekuetan ohikoak diren gainerako jarduera guztiak ere.

"Salto!" gazte topaketetan parte hartu zuten gazteentzat hamar leku gordeko dira, eta gainerako 40 gazteak zozketa bidez hautatuko dira izena 40 lagunek baino gehiagok ematen badute, beti ere lurraldetasun eta genero ikuspegiak zainduta. Zozketa egin behar izanez gero, UEMAk maiatzaren 14an jakinaraziko die gazteei lekua egokitu zaien ala ez. Behin zozketaren emaitza jakinarazita, gazteek maiatzaren 19ra arteko epea izango dute UEMAren kontuan ordainketa egiteko.