Gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko eta "eragile aktibo bihurtzeko" topaketak antolatu ditu UEMAk

Topaketa ibiltaria aurkeztu dute
UEMA
Actualizado: miércoles, 4 marzo 2020 17:58

Zumaiatik abiatuko dira gazteak, ekainaren 29an, eta Lekeition bukatuko dute ibilbidea, uztailaren 5ean

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

UEMAk udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak aurkeztu ditu asteazken honetan, Zumaian. Gipuzkoako herritik Lekeitiorako (Bizkaia) ibilbidea egingo dute parte hartuko duten gazteek, ekainaren 29tik uztailaren 5era. UEMAk antolatu ditu topaketak, "gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko", Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta Zumaia, Deba, Lekeitio eta Ondarroako udalen laguntzarekin. 50 lagunentzako lekua izango da eta martxoaren 31ra bitarte zabalik dago izena emateko epea.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Maddi Aldalur Zumaiako Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Ainize Alzibar Lekeitioko Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Eneritz Basurko Ondarroako alkateordea eta Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Arantza Egaña Itziarko auzo alkatea eta Aritz Larrañaga Debako Euskara zinegotzia izan dira aurkezpen ekitaldian.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen duela lau urte, eta azken ikasturteetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken hiru urteotan. Iaz, lehen aldiz, ibiltaria izan zen ekimena, eta 60 gaztek hartu zuten parte. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.

ELKARLANA "ESTRATEGIKOA"

Miren Dobaranek nabarmendu duenez, egundoko garrantzia dute udalerri euskaldunek eta arnasguneek, bertako herritarrek euskararen biziberritzean jokatzen duten zeregin garrantzitsuagatik. Horregatik, herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko UEMA egiten ari den ahalegina eta abian dituen ekimenak goraipatu ondoren, Eusko Jaurlaritzarentzat UEMArekiko elkarlana "estrategikoa" dela nabarmendu du, eta topaketei emandako babesa ere ildo horretan kokatu du, 'Arnasa Gara' kanpainarekin eta UEMArekin elkarlanean abiarazitako beste zenbait ekimenekin batera.

Halaber, Iraitz Lazkanok adierazi duenez, UEMArentzat udalerri euskaldunetako herritarrak kontzientziatzea eta sentsibilizatzea ildo nagusietako bat da, "inertziatik kontzientziarako saltoa eman dezaten". Horretarako UEMAk martxan dituen lan ildoetan Eusko Jaurlaritzak emandako babesa eta udalen laguntza "ezinbestekoa" dela aitortu du, eta eskerrak eman dizkie gainerako mahaikideei.

Bestalde, Maddi Aldalurrek eta Ainize Alzibarrek udaletan euskara zerbitzuetatik egiten ari diren lana gogoratu dute. UEMAk antolatutako topaketak lan horiekin "erabat uztargarriak eta osagarriak" direnez, topaketak beraien herrietan hasteko eta bukatzeko eskaintza gustura jaso dutela adierazi dute. Zehazki, aurtengo topaketen berrikuntzetako bat izango da udalek ekarpenak egiteko egitaraua osatzeko izango duten aukera.