Gurutzetako ospitaleko sarrera nagusia itxiko da astelehenetik harrera eta arreta zerbitzua berritzeko lanak egiteko

Gurutzetako ospitaleko sarrera nagusia.
IREKIA
Actualizado: viernes, 3 mayo 2024 12:42

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko sarrerako atondoa eta harrera, paziente eta erabiltzaileen arreta zerbitzua eta informazio unitatea eraberritzeko lanak hasiko dira datorren astelehenean, maiatzaren 6an, herritarrei arreta modernoa eta pertsonalizatua eskaintzeko asmoz. Obrak udako hiletan ere abian izango dira, eta osasun zentrora sartzeko sarrera nagusia behin-behinean itxi beharko da.

Hori dela eta, Osakidetzatik jakitera eman dutenez, eguneko ospitaleko sarrera gaituko da ospitale nagusira joateko ordezko sarrera nagusi gisa (taxi geralekuaren aurrean dagoena). Obren garapenak baimentzen duenean berrro irekiko da sarrera nagusia (aurreikusitakoaren arabera, uztailean).

Lanak egiten diren bitartean, harrera zerbitzuak, paziente eta erabiltzaileen arreta zerbitzuak eta informazio unitateak erietxeko beheko solairuko gune desberdinetan emango dute arreta, eta behin-behineko kokapen berri horiek jakinarazteko informazioa eta kartelak jarriko dira ospitaleko sarreretan.

Eraberrituko den guneak 650 metro koadroko azalera du. Harrera, paziente eta erabiltzaileen arreta zerbitzua eta informazio unitatea hartuko dituzten gune berriak eta itxaron guneak atseginagoak eta modernoagoak izango dira eta beharrezko pribatutasuna eskainiko dute.

Ildo beretik, erabiliko diren materialen bidez, argi naturala baliatuz eta ingurune zarata murriztuko duten konponbideekin, espazioak leunagoak izatea lortuko da. Diseinu horren bitartez, Osakidetzako eskaria kudeatzeko eredutik eratorritako beharrizan berrietara egokituko dira arreta guneak, arreta emateko eredua hurbilagoa, osoa eta pertsonalizatua izan dadin.

Contador