Haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die Donostiako Udalak gurasoei

Archivo - Haurrak gelan
IREKIA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 12 enero 2022 14:14

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die gurasoei. Izan ere, Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotziak adierazi duenez, haurrak elebidunak izan daitezen "aukera onena" euskarazko ereduan ikastea da.

"Urtarrilaren 17tik 28ra zabalik egongo da haurrak matrikulatzeko epea. Gurasoek beren seme-alabak zein hizkuntza eredutan matrikulatuko dituzten erabakitzeko unea izango da. Erabaki horrek duen garrantzia kontuan harturik, euskaraz matrikulatzeko deia egiten diegu, horixe baita elebitasunik orekatuena bermatzen duena", esan du.

Bere esanetan, hiriaren egoera soziolinguistikoa kontuan harturik egin diren ikerketek eta orain arteko esperientziak erakutsi dute D ereduak bermatzen duela elebitasunik orekatuena. Eustat euskal estatistika erakundearen 2016ko datuen arabera, Donostiako 29 urtetik beherakoen %79,85 euskalduna da, %9,74k euskara ulertzen du eta %10,41ek soilik aitortu du euskara ez dakiela.

Bada, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskara jakiteak seme-alabentzat duen garrantziaz eta, hortaz, euskarazko eredua hautatzearen garrantziaz ohartarazi nahi izan ditu gurasoak, eta gutun bidez mezua helarazi die aurten seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten guraso donostiarrei. Gutunarekin batera, 'Irria' aldizkariaren ale bana banatu zaie haurren eta familiaren gozamenerako.

Contenido patrocinado