'Hitzak Lege' erakusketa izango da ikusgai Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan 2027ko urtarrilaren 15era arte

'Hitzak Lege' Erakusketa Izango Da Ikusgai Euskaltzaindiaren Bilboko Egoitzan Urtarrilaren 15Era Arte
EUSKALTZANDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 19 noviembre 2026 14:55

BILBO 19 (EUROPA PRESS)

Zuzenbidearen Euskal Akademiak eta Euskaltzaindiak 'Hitzak Lege' erakusketa ibiltaria antolatu dute, Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrenaren karietara, eta orain Euskararen Akademiaren Bilboko egoitzan izango da ikusgai 2027ko urtarrilaren 15era arte. Garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridiko agertzen ditu erakusketak, arlo pribatukoak zein publikokoak.

Mendeetan zehar, euskararen biziraupenerako elementu juridiko oinarrizkoa izan da Bizkaiko Foru Barria (1526-2026), eta, erakusketarekin batera, Zuzenbidearen Euskal Akademiak Foru Barriari buruzko hiru jardunaldi antolatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Batzar Nagusien babesarekin eta Euskaltzaindiaren laguntzarekin, azaroaren 4an, 12an eta 19an.

Bada, ostegun honetan izan da azkena, Euskaltzaindiaren egoitzan bertan, eta Andres Urrutia, Josu Erkoreka, Gotzon Lobera, Adolfo Arejita eta Koldo Bijueskaren hitzaldiez gain, 'Bizkaia (1526-2026). Foru-testuak euskaraz (Bizkaiko Foru Barritik datozen legeen euskarazko testuak)' eta 'Bizcaico porubac emoten deust escubidia' argitalpenak aurkeztu dira, 'Hitzak Lege' erakusketarekin batera.

Akademiak jakinarazi duenez, 'Hitzak Lege' erakusketa ibiltaria da, garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak, arlo pribatukoak zein publikokoak, agertzen dituena. Euskal hiztunek harreman juridikoetan euskara erabili dutela eta erabiltzen dutela azaleratzea da erakusketaren helburu nagusia.

Erakusketan 20 bat panel daude (dokumentuen informazioarekin, lau hizkuntzatan); hiru panel elkarreragile, hiru panel argiztatu eta mahaitxo bat (jatorrizko dokumentuak erakusteko). Euskararen lurraldeetan euskara eremu juridikoetan erabili izan denaren adibide dira erakusketan bildutako dokumentuak.

Hain zuzen, Pirinio Atlantikoetako Departamenduan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ganbera legegileetan, Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Akitania Berrian gordetzen diren euskarazko testu juridiko adierazgarrienak modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan antolatu ditu 'Hitzak Lege' prestatu duen Gotzon Lobera legegile eta euskaltzain urgazleak.

Orain, 'Hitzak Lege' erakusketa Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitzan izango da ikusgai, 2027ko urtarrilaren 15era arte, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.

Contador

Contenido patrocinado